Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Presoen auzia agendara ekartzeko mobilizazioak antolatu dituzte

Apirilaren 21ean Bilbon egingo den manifestazio nazionala da Kalera Kalera dinamikak deitu duen mobilizazio nagusia. Helburua «presoak kaleratzeko aldarria berriro ere euskal agendara ekartzea» dela nabarmendu zuten atzo, Iruñeko Donibane auzoan.

Kalera Kalera dinamikak presoen eskubideen aldeko mobilizazioak egingo ditu apirilean. «Iritsi da ezker abertzaleak euskal presoen izaera politikoa aldarrikatzeko momentua. Iritsi da presoak kaleratzeko aldarria berriro ere euskal agendara ekartzeko momentua. Presoak kalera atera behar ditugu eta hori lortu bitartean ez dugu ahaztu behar presoek premiazko hainbat gai dituztela, konpondu beharrekoak eta lehentasunezkoak», adierazi dute Oihana Garmendiak eta Miren Zabaletak Iruñean egin zuten agerraldian.

Mobilizazio hauek apirilaren 17an hasiko dira, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, eta ekitaldia egingo dute Galdakaon. Apirilaren 21ean manifestazio nazionala deitua dute Bilbon. Bi data horien artean ekimen eta mobilizazioak egingo dira herrietan.

Deialdi hauek «mugarri izan diren bi manifestazioen ondoren» iritsiko direla nabarmendu zuten. Alde batetik, abenduaren 9an, Parisen, 11.000 lagun bildu zituena. Bestetik, urtarrilaren 13an Bilbon, Sarek deituta, 95.000 lagun elkartu zituen martxa.

Presoen gaian, oraintsu Ipar Euskal Herriko ordezkaritza zabal baten eta Justizia Ministerio frantsesaren buru Helene Davo-ren arteko elkarrizketa abiatu dela ekarri zuten gogora. Horri esker, euskal delegazioa EPPKrekin bildu zen, eta zazpi presori DPS erregimena (FIESen baliokidea) kendu diete eta presoak Landetako Mont-de-Marsan espetxera hurbiltzen hasiak direla nabarmendu zuten.

Hego Euskal Herrian ere «urrats mantso baina irmoak» egiten ari direla gaineratu zuten. «Premiazko gaietan adostasun zabala egon badago eragile politiko, sozial eta instituzionalen artean, hau da, sakabanaketarekin amaitzeko eta preso gaixoak askatzeko», baieztatu zuten. Horien artean, Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan lorturiko akordioak aipatu zituzten, joan den astelehenean Nafarroako ganberan sakabanaketa amaitzeko, UPNk eta PPk izan ezik, alderdi guztiek babestutako adierazpena azpimarratuz.

«Hemendik aurrera lehen gradua gainditzeko eskaera jarriko da konponbidearen ildoan, lege arrunta erabiltzeko ezinbesteko premisa baita. Izan ere, espetxe administrazioak euskal presoak modu sistematiko, orokor eta jarraituan sailkatzen ditu lehen graduan. Neurri honek kartzeletako legedian urratsak egitea oztopatzen du, tratu penitentziario indibidualizatua mugatzen du eta kartzeletako hainbat eskubide izatea ukatzen du», gaineratu zuten.