Ohar baten bitartez, Guardia Zibilak egin dituen lau atxiloketak –Oihana Garmendia, Antton Lopez, Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia– salatu eta «errepresioa mantentzearen alde» Gobernu espainolak agertzen duen jarrera gaitzetsi du Sarek.
«Gobernu espainiarrak urtetako sufrimendu eta minarekin amaitzeko urratsak eman beharrean, berau luzatu eta betikotzearen alde egin du, Euskal Herrian oraindik orain eta ETAk zein EPPKk emandako urratsei muzin eginez, milaka eta milaka herritarrek behin eta berriro eskatutako konponbiderako ateak itxi eta beldurraren eta errepresioaren mamua bizirik mantenduz», gaineratu du Sarek.
Horrez gain, azpimarratu du atxiloketa hauek «euskal presoen eskubideen alde lanean ari diren herritarren aurka emandako atxiloketak» direla eta, ildo horretan, argi utzi nahi izan du «bere burua demokratikotzat jotzen duen Estatu batek ezin duela halakorik ahalbidetu».
«Beste behin ere», Sarek dei egin dio jendarte osoari eta instituzio, alderdi, sindikatu eta eragileei «giza eskubideen alde, konponbidearen alde eta bakearen alde urrats bat aurrera eman dezaten». Azkenik, halako egoerekin «guztiz amaitzeko» prestutasuna berretsi du Sarek.