Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta dira aurtengo Binakako Txapelketaren aurreneko finalistak. Aspeko bikoteak sekulako erakustaldia eman du Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta aise nagusitu dira Aimar Olaizola eta Ander Imazen aurka, 7-22.
Urdinek hasiera-hasieratik dominatu dute piloteoa, eta markagailuan beti aurretik ibili dira. Zabaletak, aurreko astean erakutsitako maila apartari jarraipena emanez, sekulako partida hasiera egin du eta bere hiru tantorekin 0-4 aurreratu dira Aspekoak.
Gorriak saiatu dira borroka egiten, baina 2-4 inguratu diren arren, hortik aurrera Joseba Ezkurdia izan da protagonista nagusia. Arbizuko aurrelariak aspaldiko partidarik onena jokatu du, defentsan lan bikaina eginez eta erasoan ere gutxitan bezala asmatuz. Horren adibide onenak partidako bi tanto onenak izan dira, 3-10ekoa eta 7-17koa, oso antzekoak biak: zabalean pilota oso zaila altza lehenik, atzera korrika joan eta beste pilota oso zail bat eraman, eta azkenean berak amaitu tantoa boleaz. Guztira 11 tanto egin ditu jokoan, beste bi sakez, eta pilota bakarra galdu du.
«Nahita ere ez genuen lortuko finalerdietara horren sasoi onean iristea. Txapelketa hasiera zaila izan zen guretzat, larri ibili ginen sailkatzeko, finalerdietako aurreneko partida ere galdu egin genuen…», gogoratu du Ezkurdiak amaieran. «Sentsazio oso onak izan ditut gaur: txisparekin ateratzen zitzaidan pilota, hankak ere oso azkar… Eta Joserekin jokatuta dena errazagoa da», gehitu du arbizuarrak.
Hori bai, aipatu behar da hautaketaren egunean materialaz kexatu arren, aurkarien pilotekin jokatu dute hainbat tantotan Aspekoek, horrenbesteko aldrebeskeriarik ez zegoen seinale.
Bigarren bikote finalistaren izena gaur erabakiko da Gasteizen: Elezkano II.ak eta Rezustak irabazten badute, beraiek izango dira finalean; Altuna III.ak eta Martijak irabazten badute, txartela Olaizola eta Imazentzat izango da.