Mugimenduaren sorreraren 4. urteurrena betetzear denean, «hausnarketa egin, jendeari eskerrak eman eta helburu berriak definitzeko» une aproposa dela iritzi dio Sarek. Hartara, Donostian burutu dute III. Batzar Orokorra.
Bake iraunkor baten alde lanean dihardutenei zuzenduak izan dira lehenengo hitzak. «Bagoaz pixkanaka hainbeste sufrimendu eragin duen gatazkaren irtenbide demokratikorantz; horretarako lanean ari gara». Aurrera egite horretan jendartearen iniziatiba goraipatu dute.
Estatuen jarrerak, baina, inmobilista izaten jarraitzen duela azpimarratu dute, ETAk armak utzi zituela sei urte baino gehiago igaro direnean, nahiz eta aitortu Parisek eman dituela «urrats ttipi batzuk». «Paralisiak paralisi, berretsi egiten gara: urratsak ematen ari gara, positiboak», adierazi dute.
Sare ez dela borroka politikoan sartzen esan dute, gaineratuz eurentzat garrantzitsuena urraketekin amaitzeko ekimen onenak lortzea dela: «Horregatik, ekintza eraginkorrekin bat egingo dugu, proposatzen dituenak proposatzen dituela». «Baliotsuena helburuak betetzea da eta modu kolektiboan lan egitea, bakoitzaren espazioak errespetatuz», adierazi dute.
Giza eskubideak aldarrikatzen ditu Sarek, oinarrizkoak eta unibertsalak, denentzat, «salbuespenik gabe». Horretan, gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzen du, baita adinduena ere: «Urrunketaren amaiera eta salbuespenezko legearen amaiera ere eskatzen dugu, honek preso zein beren senideen giza eskubideak urratzen ditu eta».
«Garai berriak» dira mugimenduaren esanetan, zeinak uste duen ETAren aldetik urrats berriak etor daitezkeela: «Horrek oraina eta etorkizuna begiratzeko modu berri bat eskatzen du, ezberdinen artean gehiago adostu eta ekimen eta proposamen berriak sustatzea». Lan komuna eta Estatuko elkarteekin lankidetza izango du helburu sarek aurrerantzean.