Ohar bidez LAB sindikatuak gogoratu duenez, iragan azaroan epaitegi aurrean elkarretaratzea egin zuten, emakume batek lanpostuan jasandako eraso sexistaren ondorioz egiten ari zen epaiketaren aurrean babesa adierazteko.
Jakinarazi dutenez, epaia atera da eta, emakumeari arrazoia aitortuta, gizonari isuna ezartzeaz gain, epaiketaren kostuak ere bere gain hartu beharko ditu.
Azaldu dute ebazpenak argi uzten duela emakumeari eraso egin ziola zigortutako gizonak eta, gainera, «erasotzaileak eramandako lekuko bakarrak gezurra esan zuela» bera lagundu nahian.
LABek emakume honek egindako bidea goraipatu du, halako egoeren aurka «borrokatzearen eta salatzearen» garrantzia azpimarratuz. «Badakigu bidea ez dela erraza. Askotan horrelako erasoak benetan gertatu direla frogatzeko traba handiak aurkitzen ditugu, egun oraindik ere legeek, lan munduak edo jendarteak indarkeria sexistarekiko duen konplizitatearen ondorioz», adierazi du sindikatuak.
«Oztopoak oztopo –azpimarratu du LABek– emakumeak planto egiteko garaia heldu dela argi erakutsi dugu, besteak beste, martxoaren 8ko greba feministan. Ez gaude egoera hauek guztiak onartzeko prest eta gogoz borrokatuko dugu hauen kontra».
Zentzu horretan, ohartarazi dute «lan munduan zein jendartean zapalkuntza heteropatriarkala eta honek sortzen duen indarkeria sexistaren kontra gogor borrokatu nahi duen orok» LAB sindikatua «bidelagun» izango duela.