Nagore Belastegi
OIARTZUN
Entrevista
LUR ALBIZU ETA AITOR SERVIER
ERNAI ETA AITZINA ANTOLAKUNDEETAKO ORDEZKARIAK

«Akelarreak ez du bere funtzioa galdu: gazteen topaleku izatea»

«Sorginkerian dugu independentzia» lelopean, Gazte Akelarrea ospatuko dute ostiral eta larunbatean Oiartzunen. Bonuen salmenta oso ondo doala jakinarazi digute antolatzaileek eta larunbateko bazkarirako txartel gutxi gelditzen direla. Topaketan Euskal Herriko kezka eta borroken inguruan hausnartzeko aukera egongo da, eta bertoko gaiekin batera kanpoko esperientzien berri ere jasoko dute.

Lanean buru-belarri dabiltza Aitor Servier eta Lur Albizu (Aitzina eta Ernai gazte antolakundeetako ordezkariak) egunotan. Izan ere, ostiralean hasiko da aurtengo gazteen udaberriko festa Oiartzunen, Gazte Akelarrea. Bi aurpegi hauek ari dira arduratzen topaketaren nondik norakoak azaltzeaz, baina argi utzi dute beraien atzean lantalde oso bat dutela eta topaketa haiei guztiei esker dela posible.

Prestatu duten egitarauan urte osoan gazte antolakundeek egiten duten lana islatu nahi izan dute, arloz arlo. «Alternatiben eraikuntzari begira daude hainbat proiektu, eta horiek guztiak Akelarrean ikusiko dira. Hortik dator ‘Sorginkerian dugu independentzia’ lema horren iruditeria. Iaz ere Akelarrea egin genuen eta nahi genuke izatea egunerokotasunean pizten ditugun su txiki horien guztien topaleku», aipatu zuen Servierrek.

Iazkoa izan zen, Igorren, Akelarre formatuarekin egin zuten lehenengo udaberriko ekitaldia. «Su txiki» horiei eman nahi diote garrantzia, beraz, aurten ere; hau da, eguneroko borroka txikiei, herria osatzen duten horiei. Albizuren hitzetan, «borroka sozialak eta herrigintza proiektu alternatiboen eraikuntzak osatzen dute herria, eta hori da metafora; sorginkeriak eta su txikiek nola osatzen duten akelarrea».

Gazte Danbada formatuarekin konparatuz, Akelarrea txikiagoa da. Lehenak festibalaren antz handiagoa bazuen, bigarrenak egitarauari erreparatzen dio gehiago. Oiartzungo topaketan gune desberdin asko izango dira, herriko plazatik hasita, eskola edo gaztetxetik pasatuz. Akeita gunea izango dute berriro, eta baita Mari gunea ere. Horrela, egitaraua herri osora zabalduko dute.

Jorratuko diren gaiei dagokionez, anitzak izango dira, baina oinarrian, «zein borrokatatik gatozen» izango dute kontuan. Adibidez, Bardeatik etorriko dira “Bardenas libres” ekimena aurkeztera, proiektu txikitzaileez ere hitz egingo dute; Korsikatik, Kolonbiako FARCetik, Sinn Feinekoak Irlandatik edo Italiatik kideak etorriko dira, militantziaren edota klase borrokaren inguruko tailerrak egongo dira, eta hausnarketa egingo dute gazteak etxebizitza lortzeko dituzten arazoei buruz edo emakumeak espazio publikoan hartzen duen tokiari buruz, esaterako. “Independentzia zerumugan” deituriko hitzaldian Kataluniatik etorritako politikariek parte hartuko dute eta larunbat eguerdiko asanblada erraldoian parte hartu nahi duten gazte guztiek euren kezkak plazaratu ahal izango dituzte.

Azken asteetan zarata ateratzen egon diren pentsiodunek ere izango dute euren txokoa Oiartzunen: «Pentsiodunek badute zer irakatsi, eta ez bakarrik hori, haien borroka gure borroka ere bada, eta gazteon borroka pentsiodunena ere bai. Iruzur handi batzuei ari gara erantzuten», azpimarratu zuen Albizuk.

Bestalde, antolatzaileek argi utzi zuten udaberriko topaketa hau Aitzinaren eta Ernairen «erakusleiho nagusia» bada ere, urte osoan ari direla lanean elkar ezagutzeko eta elkarlanak sustatzeko. «Aurreratzen dugu hemendik goiti proiektu bateratu batzuk jarriko ditugula martxan», zehaztu zuen Servierrek. Era berean, adierazi zuen Akelarreak ez duela galdu azken 30 urteetan izan duen funtzioa, alegia, «euskal herriko gazteen topaleku eta urte osoko borroken pizgarri» izatea.

Igandean, Aberri Egunera

Goizean goiz bukatuko da Akelarrea igandean, eta jarraian Donibane Garazin eta Iruñean egingo diren Aberri Eguneko ekitaldietan parte hartzera deitu dute gazte antolakundeek.

Bestalde, bozeramaileek aipatu zuten iaz Igorrera joateko martxa antolatu zutela, baina aurten martxa ofizialik antolatu ez duten arren eskualdeetan zenbait ekimen prestatu direla. Adibidez, Bortzirietako gazteak Lesakatik aterako dira, Gipuzkoako eskualde desberdinetakoek ostegun gauean egingo dute topo eta gaua elkarrekin eman ostean ostiralean abiatuko dira Oiartzunera, eta Bilboko kuadrilla batek Debatik Oiartzunerako bidea egingo du.

Gerturatuko den jende guztia biltzeko kanpalekua egongo da, urtero bezala. «Oiartzun oso herri egokia da, gune guztiak elkarren ondoan egongo dira, biziki erosoa izango da kanpalekutik hitzaldira joatea eta handik txosnara pote bat hartzera», azaldu zuen Aitzinakoak. Azken urteetan Nafarroatik, Arabatik eta Bizkaitik pasatu ostean, uste zuten bazela garaia udaberriko ekimena Gipuzkoan antolatzeko. Eta gazteak ondo erantzuten ari dira, bonuen salmentek aurreikuspenak gainditu dituztelako jada.