Jon ORMAZABAL
Entrevista
JOSEBA EZKURDIA
ASPEKO AURRELARIA

Joseba Ezkurdia: «Kolpe asko jaso ditut, baina indartsuago egiteko ondo etorri dira»

Lehen finalerako bidea ez da samurra izan Joseba Ezkurdiarentzat –Arbizu, 1991-04-22–; kolpe dezente eramandakoa da, baina beti egin du aurrera eta, azkenean, profesional gisa sei urte bete dituenean heldu zaio lehen aukera. Pilotalekuan nabari zaio bere buruan konfiantza eskuratu duela azken partidetan eta hizketan ere bare eta ireki sumatu dugu, eguzki-printzak lagun.

Handia eta ederra da Arbizuko Aldabide elkartea eta eskuak zabalik hartu gaituzte bertako bazkide Joseba Ezkurdiarekin aritzeko.

Final bat beti da berezia; zuretzat lehena ere bada. Ba al du aldarrikapen puntu bat ere?

Bai, nik uste azkenean finaletan egotea oso zaila dela, baina uste dut gogor lan egin dudala profesionaletan, baita aurretik ere. Profesionaletan nagoenetik kolpe dezente jaso ditut, baina lanean jarraitu dut, ilusio berarekin eta azkenean saria heldu zait. Niretzat zerbait berezia da eta oso-oso pozik nago finalean izatearekin.

Kolpeak aipatu dituzu, sarri izan zara halakoen atarian...

Bai, partida garrantzitsu asko izan ditut eta orain arte ez zait sekula alde irten. Baina nik uste dena ondo etorri zaidala, nire izaera edo nire jokoa gehitzeko izan dela, indartsuago egiteko izan dela, eta azkenean oso pozik nago. Orain sari hau heldu zait, egunak ahalik eta gehien aprobetxatzen nabil eta ea finala ondo prestatzen dugun.

Gehiegitan esan dut «beste kolpe bat», baina nik uste dut final hau lanaren eta konstantziaren saria dela. Badakit hemendik aurrera ere kolpeak etorriko direla, bat baino gehiago, baina pilotan jokatzea gustatzen zait, pilotan entrenatzea eta horretan jarraituko dugu.

Hori izan duzu ona, pilotarako grina eta ilusioa ez dituzula inoiz galdu?

Dudarik gabe, horretarako gaude. Azkenean kirola da eta jarraitu beharra dago, egoten zara bi edo hiru egun izorratuta, ez duzula pilotaz ezer jakin nahi, baina berehala txipa aldatu eta borrokan segitu beharra dago.

Beheraldi horietan zeri heltzen diozu?

Pilota asko gustatzen zait eta ondoan dudan jendea, inguruan ditudan horiek gabe ez nintzateke ezer izango, familia, neska, lagunak... gero Jokin [Etxaniz], beti animoak ematen, Juan [Irujo], Apezetxea... horientzat esker oneko hitzak baino ez ditut.

Jokin Etxaniz eta Juan Martinez de Irujo aipatu dituzu; ezinbestekoak zure ibilbidean?

Pilota munduan gehien lagundu didatenak dira. Jokinekin ordu askoan hitz egiten dut, berak momentu txar askotan asko lagundu dit, bueltan ezer eskatu gabe. Beti deitu dit beti esku bat botatzeko asmoarekin eta niretzat oso pertsona inportantea da Jokin.

Eta Juan ere bai, nik beti miretsi dut eta miresten dut, pilotari bezala eta pertsona bezala. Niretzat erreferente bat izan da eta halako mailako pilotari batek aholkuak ematea, laguntza eskaintzea, momentu txarretan deitzea... sekulakoa da.

Binakako honetan gertu izan da?

Labriteko azken partidaren aurretik deitu zidan eta partida pixka bat estudiatu edo partidaz hizketan aritu ginen. Bukatutakoan ere segituan deitu zidan, entrenamenduetara ere etortzen zait eta berarekin oso eroso sentitzen naiz. Ea urte askoan aguantatzen nauen.

Ezer aldatu da aurten azken langa hori bota ahal izateko?

Azkenean gauza asko dira, aipatutako kolpe horiek, urteak... heltzen joaten zara. Binakako honen hasiera gogorra izan zen, baina Joserekin asko hitz egin genuen, asko lagundu diogu elkarri eta egoera txarrei buelta eman diegu. Nik uste heldutasun puntu bat hartu dugula, sei urte dira profesionaletan eta ikasi egiten da. Txapelketa erditik aurrera gauzak hobeto egin ditugu eta konfiantzaz gaude.

Afizionatuetako azken urtean dena irabazi zenuen eta gero sei urteko lehortea. Nola eramaten da aldaketa hori?

Afizionatuetako azken bi urteetan txapel asko irabazi nituen, baina profesionaletara beldur handiarekin pasa nintzen, ea balioko ote nuen. Eta zortea izan nuen; hasiera samarretik partida garrantzitsuak, estelarrak, jokatu nituen, bigarren mailako finalera heldu nintzen... Gero, urtez urte koska bat gora egiten joan naizela eta oraindik ere asko egin behar ditut, baina garrantzitsuena lana da, lana eta lana. Nahiz eta txapelketetan partida garrantzitsu guztietan edo askotan kale egin, udan torneoren bat ere irabazi dut eta horiek konfiantza ematen dute eta lanean jarraitu dugu.

Hobetzen jarraitu beharraz mintzo zara. Zertan hobetu?

Oraindik denean; eskuinarekin hobetu beharra daukat, ezker gantxoz ere bai eta, noski, buruz ere bai. Beti ikasten da.

Aimarren kontrako Labriteko partida ia perfektua izan zen...

Hortik ere ikasi beharra dago. Taktikoki gidoitik ez ginen atera, baina boleaz behera bota nuena, edo galdu ez arren Aimarri horrela jokatu behar ez nion bakarren bat... Partida osoa perfektu egitea ezinezkoa da, are gehiago halako tentsioko egun batean. Oso pozik egindako partidarekin, oso partida konpletoa egin nuen, hasieratik bukaera arte ez nintzen gidoitik irten, kontzentrazioa mantentzea lortu genuen eta horrek konfiantza handia ematen du.

Inoizko zure partidarik onena?

Partida globalean hartuta nik baietz esango nuke, are gehiago partidaren garrantzia kontuan izanda. Azken San Fermin torneoan ere oso gustura ibili nintzen, baina dena kontuan hartuta, bai. Agian, beste partidaren batean oso momentu onak izan ditut, baina ez da partida osoa izan, bi edo hiru tantotan partidatik erabat irten izan naiz.

Maiz leporatu zaizu ez zarela tantoa amaitzera behar beste ausartzen?

Dudarik gabe, badakit gehiago sartu beharko nukeela momentu batzuetan, baina nik esaten dudana da pilotari bakoitzak bere jokoa daukala, eta ari naiz ikasten gehiago arriskatzen edo ezker gantxoz angeluak bilatzerakoan gehiago afinatzen, min handiagoa egiten, baina nik badakit nire jokoa pilotari indarra edo abiadura sartzea dela, bigarren buelta horretan min egitea. Ezin dut nire burua beste pilotariekin konparatu, pilotari bakoitzak bere jokoa dauka eta badakit nire lanean jarraitu beharra dudala. Kritika denak hobetzeko hartzen ditut, ikasteko, eta horretan jarraituko dut.

Entzuten dira orduan kritikak?

Bai, noski. Profesionaletan nagoenetik gehien entzun dudan gauza da «Joseba Ezkurdiari asko kostatzen zaio tantoa amaitzea» edo «ez du bukatzen» eta badakit horretan lan egin behar dudala, baina saria orain heldu da; lan horren ondoren final batean egotea handia da eta orain disfrutatzea tokatzen da.

Eta ari zara gozatzen?

Bai, azkenengo partidetan konfiantza handiagoarekin ikusten dut neure burua, gauzak irteten ari dira eta horrela zaudenean konfiantza hartu eta disfrutatu egiten duzu. Beste animo batekin entrenatzen zara aste guztian zehar eta beste gorputz batekin joaten zara pilotalekura ere.

Hirugarren urtea Zabaletarekin eta heldu da finala...

Hirugarren urtea eta onena, eta ez finalera heltzea lortu dugulako bakarrik. Berarekin pertsonalki ere sekula baino hobeto nago, konfiantza handiagoarekin, erosoen sentitu naizen urtea izaten ari da. Agian, heldutasun puntu bat hartu dugulako ere izango da.

Azkenean berak orain dela bost urte finala jokatu zuen eta hortik aurrera momentu txar asko pasa ditu. Lesioekin zorte txarra izan du eta aurten oso- oso eroso sentitu naiz berarekin. Profesionaletan bakarrik ez, ia adinekoak gara eta afizionatuetan ere asko aritu gara, kontra alde baino gehiago, baina harremana egiten da. 15-16 urte genituenetik elkarrekin gabiltza pilotalekuetan; lagun oso onak gara, eta hori oso garrantzitsua da pilotan aritzeko.

Bera sekula baino hobeto dago?

Bai, ikaragarri dago. Txapelketa hasiera ez zen unerik onenean heldu, ez beretzat, ezta niretzat ere. Ez genuen puntuan hasi, gauzak diren bezala. Baina gero elkarrekin asko hitz egin dugu, gauzak aldatzen saiatu ginen eta pixkanaka konfiantza hartu dugu. Orain Jose Javier oso momentu onean dago, finalerdietako hiru partidak izugarriak izan dira, eman dion abiadura, pilota atzeratzen duena, kantxa kubritu... dena egin du ondo. Ikusten zaio kantxan disfrutatzen ari dela.

Hasieran tokia aurkitu ezinda bezala ibili ginen, ez genekien zein zen gure jokoa. Orain pilota gehiago eskatzen dit, nik gehiago uzten dizkiot lauan gozatzeko... detaileak dira, baina nik uste oso eroso sentitzen dela orain frontoian eta Jose Javier, horrela dagoela, diferentziak markatzen dituen atzelari bat da.

Partidetara elkarrekin joaten zarete?

Ez, partidetara bakoitza bere etxekoekin. Aita eta ama partida denetara etortzen dira nirekin eta ni gustura. Uste dut ona dela, beste gauza batzuetaz hitz egiten joaten gara, entretenigarriagoa izaten da azkenean.

Aukeraketetara joaten gara elkarrekin, nahiz eta aurten inguruan izan diren asko eta bakoitza bere kasa joan den. Baina besteetara elkarrekin, bai. Gidatu txandaka egiten dugu, batzuetan batak, besteetan besteak.

Eta irratiarekin edo musikarekin izaten da eztabaidarik?

Musika Josek jartzen du beti. Nik jartzen dudan musika askotan ez zaio gustatzen eta beti bolumena kendu edo beste zerbait jartzen du. Musika kontuetan oso desberdinak gara. Nik denetik entzuten dut eta berdin dit, baina nik Marea-edo jartzen diodanean ez zaio gustatzen. Ni agian gogorxeagoa, rockeroagoa naiz musika kontuetan, baina denetik entzuten dut, ez dut ararzorik, eta horregatik uzten diot berari nahi duena jartzen.

Zer giro dago Arbizun?

Herria oso ilusionatuta dago eta oso polita da. Lehenengo finala da eta nik uste dut jendea eguna noiz iritsiko zain zegoela; orain tokatu da eta jendea oso pozik dago. Kalean denek galdetzen didate pilotaz, ea zer moduz nagoen, beste batzuek zorionak ematen dizkidate eta oso polita da, eta ilusionantea.

Sarrera nahikorik?

Gehiago banitu hartuko nituzke, baina enpresak 160 eman dizkigu eta bi egunetan amaitu ditugu. Bada sailkatu aurretik ere hartu zituenik.

Ospakizuna, batera?

Hori da asmoa. Lekua ez dago zehaztuta, baina Arbizun. Txapela irabazita oso polita izango da.