NAIZ
IRUÑEA

Hilaren 15ean egingo dute Igoera Sanduzelaiko maiordomoek

Sanduzelai auzoak datorren apirilaren 15ean Igoera ekitaldia burutuko du, pasa den urteko berreskuraketari jarraipena emanez. Beraz egun horretan, Sarasate pasealekutik goizeko 11etan kortejoa abiatuko da eta Alde Zaharrean zehar ibiliko da San Jose enparantzaraino.

Iazko Sanduzelaiko jaien txupinazoa. (Iñigo URIZ/FOKU)
Iazko Sanduzelaiko jaien txupinazoa. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bertan aurtengo Maiordomoek beren lehenengo dantza eskeiniko dute eta handik Udal Enparantzaruntz joanen dira. Udaletxe aurreran auzoko ordezkaritzak Udalbatzarekin topaketa txiki bat izanen du eta jarraian Burgoen enparantzan taldeek emanaldia eginen dute, Larrain Dantzarekin bukatuz.

Sanduzelaiko baselizaruntz egiten zen antzinako erromerian oinarrituta, lehenengo Igoera 1992ko apirilaren 23an burutu zen. Garai hartan, Sanduzelaiko auzokideak Alde Zaharreko karriketan ibili ziren erraldoi, joaldun, txistulari, dantzari, gaitero eta akordeolariekin eta kortejoaren buruan auzoko Maiordomoak hiriari Sanduzelaiko jaien berri emateko, eta ondorioz, Iruñeko auzoetako jai zikloa irekiz. Hartan Udalbatzaren ordezkaritza handiak auzokideei harrera egin zien. Hurrengo bi urteetan oposizioko taldeek auzokideekin Udaletxeko ateetan topaketa izan zuten, harrera ofizialarik gabe, eta honen ondorioz hurrengo urteetan ez zitzaion eskatu Iruñeko Udalari harrerarik eta Alde Zaharreko auzokideekin ekitaldia burutu zen, Korporazio Txikiaren agertzearekin.

2016an berreskuratua, Sanduzelai auzoak Udaletxeko ateak irekita, Iruñeko alkatea, Joseba Asiron, eta hainbat zinegotzirekin topaketa izan du azkenengo bi urteetan. Bertan auzoko zapia jarri zitzaien eta jaietara etortzera gonbidatu zitzaien. Ondoren auzoko talde eta kolektiboek kantak eta dantzak eskaini zituzten. Hilaren 23an emango diote hasiera jaiei Sanduzelai. Iruñerriko lehenak dira.