@arianekamio
Donostia

Sarriren unibertsoa zinemara

Hamabi zinegilek Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioa zinemara eramango dute ‘Gure oroitzapenak’ film luze kolektiboan.

‘Gure oroitzapenak’ filmaren fotograma bat.
‘Gure oroitzapenak’ filmaren fotograma bat.

Adabaki ekoiztetxearen aterpean hamabi zine zuzendari (euskal herritarrak eta atzerritarrak) Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioan murgildu dira ‘Gure oroitzapenak’ film kolektiboaren baitan.

Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da. Izoztuta balego bezala, hogeita hamar urtez zuri beltzeko argazki bat izan da euskalunontzat, Argazki bat eta bakarra. Irudirik eza. Ausentzia. 2016ko azaroan egin zen publiko idazle iurretarraren irudirik berriena, Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitateko irakurle izendatu zuela jakin zenean.

‘Gure oroitzapenak’ filmak Sarrionandia iruditan jarriko du, bere ipuin eta poemak zinemara eramanda. Horretarako, hamabi zinegileren lana baliatuko da. Oskar Alegria (Iruñea), Özcan Alper (Hopa, Turkia), Asier Altuna (Bergara), Mireia Gabilondo (Bergara), Eugéne Green (Paris), Itziar Leemans (Donibane Lohizune), Josu Martinez (Bilbo), Fermin Muguruza (Irun), Ane Muñoz (Hondarribia), Maider Oleaga (Bilbo), Carlos Quintela (Habana) eta Maialen Sarasua (Orio) dira ikus entzunezko lanari corpusa emango dioten sortzaileak.  

Zinegileok pieza bana sortzen ari dira –filma work in progress fasean dago– Sarrionandiaren iruditeria poetiko eta literarioa zinema lan luze batean biltzeko.

Estilo eta eduki desberdinak izango ditu lan berri horrek. Epokako lanak, garaikideak, poetikoak, musikalagoak, animaziozkoak... Sarrionandiaren beraren unibertsoaren aniztasunaren erakusle.

Adabaki ekoiztetxearekin batera Elkar, Zenbat Gara eta Gastibeltza proiektua laguntzen ari dira eta Lakuako Gobernuaren eta Iurretako Udalaren diru-laguntza jaso dute.

Filma irailerako prest edukitzea aurreikusten dute.