Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Donostiako Parte Zaharra eta kaia, maila gorenarekin babestuko den ondarea

Monumentu Multzo izendatuko dituzte bi guneak, Lakuak eta Udalak erdietsitako akordioari esker. Eraikinek ikuspegi arkitektoniko eta historikotik duten balioa hartu da aintzat eta sei babes maila ezarri dira.

Donostiako Parte Zaharra eta kaia Monumentu Multzo izendatuko dituzte; alegia, ezarritako eremuetako eraikinak, arkitektura, zoruak, pasealekuak eta abar are gehiago babestuko dira. Lakuak eta Udalak azken urtea lan horretan eman dute, hori egiteko espedientea 1987az geroztik irekita baitzegoen. Zentzu horretan, Bingen Zupiria Kultura sailburuak adierazi zuenez, «zorra kitatu» da Gipuzkoako hiriburuarekin. Bilbon zein Gasteizen hala egin baitzen duela urte dezente, 1996an eta 1997an, hurrenez hurren.

Sei babes maila zehaztu dira balio arkitektonikoaren arabera. “Babes berezia” da zorrotzena, eta besteak beste, Santa Maria basilika, San Bizente eliza eta Apaizen Pasealekuko harresia daude multzo horretan. “Babes ertaina” izango dute Antzoki Zaharrak, Trinitate plazak eta kaiko ermitak, eta “oinarrizkoa” auzoko bizilagunen etxebizitza multzo askok. “Babes morfologikoa” duten eraikinak ere badira eta “diskordantzia” dutenak. Beste hiri-gune batzuk ere aintzat hartu dira.

Arkitektura, hirigintza eta historiaren ikuspegitik multzo honek balio batzuk dituela adierazi zuten. Zupiriaren hitzetan, «kalearen trazan eta multzoaren homogeneotasunean islatzen da hori, eta azken ezaugarri honek balioa ematen die eraikinei, horietako batzuk banaka apalagoak izan ahal badira ere».

Eneko Goia alkateak gogorarazi zuenez, egun badira eraikinak babesteko tresnak (Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezia, adibidez), baina izendapen berriak are gehiago blindatuko ditu berme horiek. «Hau orain arte Udalaren eskumena zen, baina orain pauso bat aurrera joan gara eta Jaurlaritzak ere izango du afera honetan zer esana», zehaztu zuen.

Auzoan martxan diren proiektuek aurrera jarraituko dute, araudia ez baitago indarrean. Hilabete honen amaieran argitaratuko da buletinean eta gero helegite-epea irekiko da. Dena ondo bidean, urte amaieran onartuko da behin betiko. Orduan bai, egin nahi diren eraisketek, birmoldaketek edo edonolako lanek iragazki berri hau gainditu beharko dute. Zentzu horretan, Goiak berak adibide pare bat jarri zituen: tabernen toldoak jartzeko ordenantza egiteko garaian kontuan izango dute babes berria; bestetik, Lasala plazan egiten ari diren hotelak oraindik indarrean dagoen legea bete beharko du, ez etorriko dena.

Eraikinen erabilera edo jarduera ere aztertu beharko da. Ustiapen mota onartzea edo ez Udalari dagokion eskumena izan arren, «hauek bateragarriak izan beharko dute eraikinarekin», ohartarazi zuen alkateak.

Bizilagunak aintzat hartu dira, Zupiriaren hitzetan. «Auzoaren morfologia» kontserbatzeaz gain, 4.000 biztanleren «beharren kudeaketa malgutzea» izan ei dute helburu.