Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Immigrazioaren gaian sakontzeko foro berezia antolatu dute Baionan

Apirilaren 20an eta 21ean egingo dute «Immigrazioa bestela pentsatu, hemen berean ekin» foroa. Estatu frantsesean ezarri nahi den Asilo eta Immigrazio lege proiektua izango da eztabaidagai nagusietako bat.

Asilo eta Immigrazio lege proiektua Estatu frantseseko parlamentuan bakarrik ez, «eztabaida publikoaren bihotzean» ere badagoela iritzita antolatu dute foroa Bizi, Atherbea eta Etorkinekin elkarteek. Hots, gaiarekin lotura duten eragileak biltzeko eguna apirilaren 20a izango da eta biharamunean ostera, eztabaida irekia izango da.

Afera honek duen garrantzia eta egoeraren larritasuna azpimarratu zituzten foroaren antolatzaileek prentsaurrekoan.

Pantxika Ibarboure Atherbea elkarteko kideak salatu zuenez, «egonaldi karten eskaeren aurrean ebazpenak emateko epea 6 hilabetera jaitsi nahi dute lege berriarekin, prozedura baldintzak eskastu eta eskaerak errazago ukatzeko». Horrez gain, etorkinak erretentzio zentroetan atxikitzeko epea bikoiztea ere gaitzetsi zuen Ibarbourek.

Etorkinekin elkarteko kide den Amaia Fontangek beren egunerokoan duten esperientziaren berri eman zuen: «Gero eta gehiago ikusten ditugu Afrika mendebaldetik datozen etorkin gazteak gurean eta gehienak ilegalak dira, hau da, errefuxiatu estatusa izateko baldintzak betetzen ez dituztenak edo egonaldi karta ukatu zaienak».