@aimar_etxe

Intxaurrandieta: «Swap-ak sinatu zirenean sortu ziren kalteak»

Defizitarioa izango zen erraustegia eraiki edo enpresa eraikitzaileekin zuten kontratua eten. Ataka horren aurrean ziren Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin 2013an, azpiegitura eraikitzeko lanak bertan behera uztea erabaki zutenean. EAJ eta PSEk salatuta, Madrilgo Kontu Auzitegian deklaratu dute.

Iragan legegintzaldiko hautetsien babesa izan dute Errazkin eta Intxaurrandietak. (J. DANAE/FOKU)
Iragan legegintzaldiko hautetsien babesa izan dute Errazkin eta Intxaurrandietak. (J. DANAE/FOKU)

Madrilgo Kontu Auzitegian deklaratu dute ostegun goiz honetan Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohi eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohiak. EAJ eta PSEk salatuta eseri dira akusatuen aulkian; 2013an erraustegiaren kontratua eten izanak herrialdeari sortu dizkion kalte-ordainak egozten dizkiete.

«Garbi geratu da kalte-ordain horiek ez genituela guk eragin», azaldu diote auzipetuek NAIZi. «Swap-ak sinatu zirenean sortu ziren kalteak, eta horiek eurek sinatu zituzten».

Intxaurrandietak eta Errazkinek diotenez, bi aukera baino ez zituzten: defizitarioa izango litzatekeen errauste planta eraiki edo enpresa eraikitzaileekin zuten kontratua eten. «19 klausula aurreikusten zituen kontratuak berau eteteko. Elkarren arteko adostasunez eten genuen kontratua, eta legeak ezartzen zuen %3a zehaztu genuen kalte-ordain gisa».

Gainera, onartu dute Denis Itxaso eta Arcadio Benitezek, akusazioaren testiguek, erraustegia eraiki izanaren kasuan modu berean ordaindu beharko lituzkeela herrialdeak swap-ak. «Gure gain nahi dute erantzukizun osoa. Baina swap horiek kontratatu izana da Partzuergoari kalteak ekarri dizkiona», azaldu du Intxaurrandietak.