Jon ORMAZABAL

Axier Arteaga, pilota gosez

Azken urteko arazo fisiko guztiak gaindituta baina nahi baino gutxixeago jokatuta ekingo dio lehiari.

Gozatzekoa behar zuen urtea sufrikario latza izan da Axier Arteagarentzat. Promozio mailako Binakakoa eta, batez ere, Buruz Burukoa irabazi ostean, udak estelarren batean burua sartzeko aukera eskaini behar ziola zirudien, baina bi belaunetan izandako arazoek asmo hori zapuztu zuten. Neguan, berriz, ezkerreko eskuan izan du min, eta arazo horiek atzean utzita, normala den bezala, pilota gosez da Lasarte-Oriako pilotaria. Aukerak horren zail dauden garaiotan, igandean egingo du debuta Lehen Mailako Buruz Burukoan.

«Ilusio ikaragarria daukat, aurkezpenera joate hutsak, halako pilotariekin, inpresio pixka bat ere egiten dit. Txapelketa prestatzeko nahikoa denbora izan dut eta ea igandean partida on bat egiten dugun, ze partida txarra eginda, pena izugarria izango dut, horrenbeste entrenatu eta gero. Gero ikusiko da irabazteko gai naizen edo ez, baina behintzat itxura ona eman nahi nuke, ze ondo jokatzen ez badut badakit ez dudala irabaziko», azaldu zion GARAri.

Urtarrilean hasi zen fisikoki Buruz Buruko nagusi hau prestatzen eta frontoian hilabete inguru darama igandean Astelenan Elezkanoren aurka jokatu beharreko partidarako joko puntu onenean egoteko lanetan. «Halakoetan onena joko puntu onean iristea eta lesiorik edo minik gabe iristea izaten da. Ni fisikoki ondo nago, eskuetatik minik gabe, baina txapelketak ez nau joko punturik onenean harrapatzen. Baina ez dago aitzakiarik, entrenatu nahikoa gustura egin dut eta ea igandean zer gertatzen den», azaldu zuen aurrelari gipuzkoarrak.

Partida eskasia

Arazoa da, Binakako txapelketatik at geratu ziren pilotariei gertatu zaien bezala, asteburuan zuriz jantzita aritzeko aukera gutxi izan dituela Arteagak eta horrenbeste denbora geldirik egon ostean, horixe behar du pilotariak, partidak jokatu eta jokatu galdutako erritmoa berreskuratzeko. Bere kasuan, 2018an sei partida baino ez ditu jokatu (2 otsailean eta 4 martxoan), gutxitxo aukeran. «Egia esan, ez dugu jarraikortasun handirik izan azken hilabete hauetan, pilotari asko gaudelako eta Asegarcek ere bikote bakarra sartu duelako Binakako finalerdietan. Pilotari asko jokatu ezinda geratu gara, ni hamabostean behin edo jokatzen aritu naiz, baina tira, ez dago besterik».

Parean, guztiz kontrako egoeran datorren Danel Elezkano egokitu zaio. «Berak prestatzeko astirik ez du izan, baina joko puntu ikaragarriarekin dator, final batetik, eta horrek konfiantza handia ematen du». Azken egunetan gaixorik izan da Zaratamokoa baina osatu berri da.