NAIZ

«Erriberak bizinahi du!» ekimenaren ate irekiera festa

Joan den larunbatean ate irekiera festa ospatu dute Erriberako auzotarrek berreskuratutako Bizinahi proiektuari. Ekimenaren bultzatzaileek erabilera soziala eta kulturala eman nahi diote hutsik zegoen eraikinari.

«Erriberak bizinahi du!» ekimenaren jaia. (@_Bizi_nahi)
«Erriberak bizinahi du!» ekimenaren jaia. (@_Bizi_nahi)

 «Erriberak bizinahi du!» ekimenak ate irekiera festa ospatu zuen joan den larunbatean. Egun osoko egitaraua antolatu zuten eta bertara hurbildu zirenek giro onaz gozatzeko aukera izan zutela nabarmendu dute sare sozialetan.

Puzgarriak, jolasak, karaokea, bizikleta martxa, mahai-ingurua, parrillada, zunba eta kontzertuak izan ziren Erriberan.

Auzoko «espazio falta eta zerbitzu gabezia larriak bultzatuta», Vicinay Cadenas zeneko bulegoen eraikinari bizitza ematea erabaki zuten auzotarrek.

Otsailean hasi ziren eraikina auzotarrentzat berreskuratzeko lanekin. Kolorez eta biziz jantzi dute hilabete hauetan eraikina. Espazioak garbitu, sarrerak txukundu eta soluzioak aurkitzeari ekin zioten ura eta argia izateko.

Anabel Toyos auzo-elkartearen bozeramailearen hitzetan, Vicinay enpresak dituen instalazioak hutsik geratu zirela ikusita, auzoa «mugitu» egin zen eta «bat-batean» berez antolatu zen Deustuko Erriberaren erdi-erdian dagoen eraikin honekin «zer egin erabakitzeko».

Gogoratu zutenez, planifikazioak berak babestutako 19 erakinetako bat da, «ondare-aberastasunagatik eta bertako industria-memoriaren alde zaindu beharrekoa». 1946an eraiki zuten, Ricardo Bastida arkitekto bilbotarraren proiektuaren arabera, Banco de Bilbaoren artxibategia gordetzeko.