NAIZ
BILBO

Lemoizko lursaila berreskuratzeko Iberdrolak ere ardura bere gain hartzeko eskatu du EH Bilduk

Lemoizko zentral nuklearraren lursailaren berreskurapen eta berregituratzean Ibedrolak duen «erantzukizuna» azpimarratu du EH Bilduk eta, hortaz, enpresak ere ardura bere gain hartzeko eskatu du. Lakua, Aldundia eta Udala egiten ari diren «akatsak» ere izan ditu hizpide koalizioak.

Lemoizko zentral nuklearraren lursailean egin du agerraldia EH Bilduk, haren etorkizunaren inguruko irakurketa egiteko. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Lemoizko zentral nuklearraren lursailean egin du agerraldia EH Bilduk, haren etorkizunaren inguruko irakurketa egiteko. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Zentral nuklearrak hartu behar zuen lursailaren etorkizuna «ezbaian» dagoela aprobetxatuta, egoeraren irakurketa egiteko Lemoizen agerraldia egin du EH Bilduk.

Gune natural hori berreskuratu eta berregituratzerakoan Iberdolak daukan erantzukizuna nabarmenduz hasi du koalizioak prentsaurrekoa. «Iberdrolari lur honen kontzesioa 2018ko uztailean bukatuko zaio. Baina Eusko Jaurlaritza Iberdrolarekin negoziatzen ari da kontzesio hori ahal bezain lasterren etetea. Honen esan nahi du arriskua dagoela ingurune hau berreskuratzerakoan Iberdrolak ezertxo ere ez egitea», azaldu du Onintze Oleaga batzarkideak.

EH Bilduk argitu duenez, 1984an eman zen moratoria nuklearra zela medio, «Ibedrolari 4.383 milioi euro ordaindu dizkiogu guztiok 25 urtez faktura elektrikoaren bidez, horietatik 2.273 milioi euro Lemoizko zentral nuklearraren kontura». Hortaz, koalizioak uste du inguruaren berreskurapenean enpresak ere erantzukizuna izatea «justuena» dela.

Oleagak gogoratu du lursail horretan arrain-haztegi bat jartzeko proiektua mahai gainean jarri zuela Lakuak, baina «ez ditu aurretik etxeko lanak ongi egin». «Kostaldea Babesteko Lurraldearen Arloko Planak dio hemen bi interbentzio egin daitezkeela: bata Basordaseko kala berreskuratzea eta bestea ingurunea berreskuratzearekin bateragarria izango den aktibitate bat garatu», adierazi du batzarkide abertzaleak.

Ildo horretan, koalizioak lau neurri proposatuko ditu Legebiltzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Lemoizko Udalean.

Alde batetik, zentral nuklearrak okupatzen duen lursailak eta segurtasun eremu osoak Lakuak, Aldundiak eta Udalak partekatutako titulartasuna izan behar dutela.

Bestetik, erakunde guztiek Kostaldeko Lurraldearen Arloko Planak ezartzen duena bete behar dutela.

Lursail horretan egingo dena herritarrek galdeketa bidez berrestea ere planteatu du koalizioak eta, azkenik, Iberdrolak lur eremu horren berreskurapenean duen erantzukizuna ordaintzea.

«Lemoizko zentral nuklearra Euskal Herriko mapan puntu beltz bat izan da eta esan dezakegu zor historiko bat dugula herri honekin eta bertako herritarrekin», azpimarratu dute EH Bilduko ordezkariek. Horrexegatik uste dute, hain zuzen, herritarrek hitza izan behar dutela egingo dena erabakitzeko. «Ez litzateke bidezkoa berriz ere proiektu arrotz bat inposatzea».