NAIZ

Maialen Leiza, Lur Lopez, Anne Arrizabalaga eta Peru Amorrortu idazle gazteentzat Azkue sariak

151 lan aurkeztu dira Resurrección Maria Azkue Literatur Sarietara. 10 eta 17 urte bitarteko idazle gazteak saritu dituzte narrazioan eta poesian.

Bilboko plaza Barrian dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan banatu dituzte Azkue sariak. (@plazaberri)
Bilboko plaza Barrian dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan banatu dituzte Azkue sariak. (@plazaberri)

Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak 2017ko Resurrección Maria Azkue Literatur Sariak banatu dituzte asteazken honetan, Akademiaren Bilboko egoitzan. Guztira 151 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta epaileek lanen sakontasuna nabarmendu dute. Horrez gain, gizarteak dituen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela azpimarratu dute.

Sariak banatzeko ekitaldian egon dira, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gorka Martínez BBK Fundazioko burua. Horrela, A mailan (10-13 urteko gazteen saila), Maialen Leiza -narrazioan- eta Lur Lopez -poesian- gailendu dira, eta B mailan (14-17 urte) Anne Arrizabalaga -narrazioan- eta Peru Amorrortu -poesian-. Oiartzun, Gernika-Lumo, Azpeitia, Gasteiz, Beasain, Otxandio eta Usurbilkoak dira aurten nabarmendu diren idazle gazteak.

Parte hartzaileen artean «lan politak eta sakonak» egon direla nabarmendu dute epaimahaikideek, idazle gazteek «bihotzetik sortutako ideiak» maneiatzen dituztela azpimarratuz. Horrez gain, gizarteak dituen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela nabaritu izan dute. «Immigrazioa, gaixotasunak, buruaz beste egitea... Baina era berean munduari begiratzeko modu bizia dute, ohiko egoerei beste modu batera begiratzeko gaitasuna. Etorkizuneko euskal idazleak hemen daude», esan dute epaileek.

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak 1991etik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusia.