NAIZ
BILBO

25 urteko espetxe zigorra ezarri diote Leire Rodriguezen senar ohiari, hura hiltzeagatik

Bizkaiko Auzitegiak 25 urteko espetxe zigorra ezarri dio Jorge Mateosi, 2015eko abuztuan Leire Rodriguez emazte ohia hiltzeagatik. Beste hamar urtean zaintzapeko askatasuna ezarri dio eta bere bi seme-alabekin 30 urtean ezingo du komunikatu.

Jorge Mateos, Leire Rodriguezen senar ohia, epaiketaren lehen egunean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Jorge Mateos, Leire Rodriguezen senar ohia, epaiketaren lehen egunean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Jorge Mateos, Leire Rodriguezen senar ohiari, 25 urteko espetxe zigorra ezarri dio Bizkaiko Auzitegiak, 2015eko abuztuan emazte ohia hiltzeagatik. Aurrez pentsatutako hilketa delituagatik zigortu dute, genero eta ahaidetasun larrigarriekin.

Espetxe zigorraz gain, beste hamar urtean zaintzapeko askatasuna ezarri dio, guraso-agintea kendu dio eta hogeita hamar urtean bere seme-alabekin komunikatzea eta haiengana gerturatzea debekatu dio, Ana Hernando Clara Campoamor elkarteko abokatuak Efe agentziari adierazi dionez.

Mateosek, gainera, 200.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die seme-alaba bakoitzari, eta 30.000 eurokoa emazte ohiaren anaiari.

Herri askusaziaren izenean, Clara Campoamor elkarteak pozik hartu du epaia, eskatzen zuen zigorra osorik hartu baitu aintzat epaimahaiak. Estatuaren Abokatuak ere 25 urteko kartzela eskatzen zuen.

Leire Rodriguez arrigorriagarra, 34 urtekoa, 2015eko abuztuaren 8ko goizaldean aurkitu zuten Bilboko Abusu auzoan, errepide bazter batean, hilda. Auto batek harrapatu zuen zantzuak zituen, eta ikerketa abiatu zuten.

Egun batzuk geroago, bere senar ohiak –dibortziatzeko tramiteak egiten ari ziren– trenbidera bota zuen bere burua, ustez bere buruaz beste egin nahian. Ordu batzuk lehenago Ertzaintzaren komisaldegian hitzordua zuen, baina ez zen agertu.

Ertzaintzaren arabera, indarkeria matxista kasua izan zen heriotza hura. Ikerketak jaso zuenez, senarrak hil zuen emazte ohia, buruan eman zion kolpe batez. Ondoren, bere autoarekin harrapatu zuen behin eta berriro, istripuaren itxura izan zezan.