Aimar ETXEBERRIA

Bata xelebre bestea sosegatu, nola kritikoa dena publikoan humanizatu

Dibertimendua, laguntasuna eta askatasuna. Aipatu osagaiak izan zituen Alex Salmond eta Clara Ponsatiren arteko solasaldiak. Politikari eskoziarrak eragin zituen algarak, katalanak piztu zuen samurtasuna eta, publikoarekin bat, guztien artean egin zuten bi herriren askatasunaren aldeko aldarria.

Izan daiteke bat komunikatzaile ona, izan dezake audientzia erakartzeko berezko ahalmena, eta baliatu ditzake bere dohain guztiak. Egin dezake politikan buru-belarri sartzeko hautua, edota hobetsi ditzake agertokiak, masak, entretenimendua. Badu horrek guztiak Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiarekin zerikusirik; pulpitua utzi zuen, mikrofonoetatik aldendu gabe, bestelako show baten protagonista izateko. «Dibertimendua, laguntasuna eta askatasuna», iragartzen ditu “The Alex Salmond Show” elkarrizketa saioak. Iragan larunbatekoa, baina, serioagotik joan zen, elkarrizketatuaren profilak eskatu legez.

Clara Ponsati Kataluniako Gobernu errepublikanoko kontseilari erbesteratua zuen gonbidatu showman-ak Edinburgoko ikuskizunean, unleashed (“bridarik gabe”) birako 30. eta azken saioan. 200 lagun inguru erakarri zituen Eskoziako hiriburuko The Principal hoteleko aretoan ospatu zen ekitaldian, eta bi ordu luzez iraun zuen ikusleen irriak eta txalo zaparradak altxarazi zituen ekitaldiak. Whiski kopak eta garagardo pintak nonahi, umorea, gogoeta politikoa eta poesia musikatua uztartu zituen ikuskizunak.

Britainiarren puntualtasunik gabe zabaldu zuen ekitaldia Robert Burns poeta eskoziar kutunaren poema batek, eta Salmond izan zen, Ponsatiri ongi etorria eman aurretik, ikusleria algara bizian jartzearen arduraduna. Serio jarrita, baina, oroitu zuen nola ezagutu zuen katalan erbesteratua Bruselan, bertan Carles Puigdemont eta konpainiarekin zenean, eta luzatu zuen galdera: «Nork pentsatuko zuen orduan gaur hemen, eta estradizio eskaera baten aurka borrokan, izango ginenik?». Baina Ponsati ez zen, eta ez da, ohiko politikaria.

Zirraraz beteriko hitzak atera ziren katalanaren ahotik. «Full of love» (“maitasunez beterik”) sentitzen dela adierazi zuen, Eskoziara itzulera egin zuenetik jasotzen ari den elkartasunari erreferentzia eginez. «Badirudi elkartasun horren guztiaren hartzailea ez naizela ni, nire ordezko papera antzezten ari den aktore bat baizik». Zentzu horretan, Eskoziaren izaera demokratikoa goraipatu zuen, guztiaren gainetik Eskozia «giza eskubideen defentsa egiten duen herrialdea» dela esanez.

Gogorrago aritu zen Aamer Anwar, Ponsatiren abokatua, espainiar sistema judizialaren aurka eginez. Frankismoaren itzalaz hitz egin zuen, eta bere babestuaren aurkako ekinbidea sistema judizial horren «heriotza sententzia» izan daitekeela adierazi zuen. «Joko demokratikoa hausten ari da Espainia». Hartara, eskoziar eragile politiko eta sindikalei dei egin zien Ponsatiren estradizioaren aurka ahotsa altxa dezaten.

Alde serioa utzi eta dibertimendura itzulita, gonbidatu bat lagun, a capella abestuz eman zion amaiera Salmondek “bridarik gabeko” azken ekitaldiari.