naiz
Bilbo

Lanuzteak deitu ditu LABek maiatzaren 30erako, hitzarmenen estatalizazioa salatzeko

Hitzarmenen estatalizazioaren aurka eta lan harremanen euskal esparruaren defentsan maiatzaren 30ean bi orduko lanuzteak egitera deitu du LAB sindikatuak. Estatalizazio honen bitartez, «langileen lan baldintzen okertzeak dakarren merkatzearekin, patronalaren etekinak biderkatzen jarraitzea» helbru dutela salatu dute.

Bi orduko lanuzteak deitu ditu LABek maiatzaren 30erako. (FOKU)
Bi orduko lanuzteak deitu ditu LABek maiatzaren 30erako. (FOKU)

«Maiatzaren 30ak mobilizazio orokorra egiteko eguna izan behar du. Gure helburua langileak mobilizatzea izango da, sindikatuko delegatuez gain. Gure helburua estatalizazioaren eta prekarietatearen aurka dauden pertsonak mobilizatzea izango da, lan harremanetarako euskal esparruaren alde», adierazi du LAB sindikatuak gaur Bilbon egin duen agerrladian.

Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk sindikalismoak «erronka garrantzitsu bat» duela nabarmendu du. Mobilizazio hauen bitartez, «kalean prekarizazioa eta pobrezia egoerari erantzun bat ematea» du helburu. «Euskal Herrian aldaketa sozialaren alde gehiengo handi bat dagoela esan du, eta kalean ari direla hori aldarrikatzen». Horren lekuko jarri ditu emakumeak, pentsiodunak, lan gatazkak dituzten enpresetako langileak eta Maiatzaren Lehenean kalera irtendako herirtarrak.

Hori dela eta, sindikalismoak «beste pauso bat» eman behar duela azpimarratu du eta bide horretan kokatu ditu lanuzteak. Modu honetan, langileei estatu mailako lan baldintzak aplikatzearen kontra lan egiteko beharra nabarmendu du sindikatuak.

Estatalizazio honen bitartez, «langileen lan baldintzen okertzeak dakarren merkatzearekin, patronalaren etekinak biderkatzen jarraitzea» helbru dutela salatu dute. «Hau da, patronalaren etekinak igo langileen kontura». Bestetik, «bertako langileok eta sindikatuak gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea ukatzea eta Madrileko sindikatu eta indar korrelazioen araberako lan baldintzak inposatzea» ere jomuga dutela azpimarratu dute.

Honi erantzun emate aldera, «hemengo negoziazio esparrua defendatzea eta prekarizazio prozesuari muga jartzea» du erronka LABek. «Alabaina, sakoneko arazoa, lan arloko eskumenak Estatuaren esku egotean datza. Hala EAEn nola Nafarroan, estatus berriaren inguruko eztabaida irekita dago», iritzi du sindikatuak.

«Estatus berri horretan lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa jaso beharra dago. Alegia, Euskal Herrian bertan hartu behar dira gure lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak. Lan eremuan burujabetza eskuratzen ez badugu, estatalizazio eta prekarizazio prozesuaren menpe jarraituko dugu, hori bultzatzeko erabaki estrategikoa hartu baitu espainiar Estatuak».