naiz
Donostia

Gipuzkoako 38 aberatsenek, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko diote Ogasunari

Bihar Gipuzkoako Batzar Nagusietan Fortuna Handien gaineko Zerga bertan behera garatzeko erabakia hartuko dute EAJ, PSE eta PPk, eta beste zerga sistema bat indarrean sartuko da. EH Bilduren iritziz, zerga sistema berri hau «askoz insolidario eta injustuagoa» izanen da.

 Aberastasun handiko zergaren inguruko agerraldia egin dute EH Bilduko Xabier Olano, Judit Garcia eta Ernesto Merinok. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Aberastasun handiko zergaren inguruko agerraldia egin dute EH Bilduko Xabier Olano, Judit Garcia eta Ernesto Merinok. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

EAJ, PSE eta PPren babesari esker, bihar, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Fortuna Handien gaineko Zerga bertan behera utziko dute eta beste zerga sistema bat indarrean sartuko da. EH Bilduk ohar baten bidez adierazi duenez, «Gipuzkoako %1 aberatsenentzat, berriz, bihar ospatzeko moduko eguna izango da».

Azaldu dutenez, Foru gobernuak egin nahi duen aldaketarekin «zerga ezkutua delakoa baliatuko luketen 875 zergadun aberatsenek batez beste 37.794 euro gutxiago ordainduko liokete Ogasunari. Guztira, 33 miloi gutxiago jasoko lirateke ezkutuaren eraginez. «Diru hori ezinbestekoa da herritarren ongizatea bermatzeko», salatu du koalizioak.

Era berean, 12,8 miloi euro baino aberastasun handiagoa duten 38 pertsonetako bakoitzak, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko lioke urtero Ogasunari. «EAJ-PSE koalizioak Gipuzkoako 38 aberatsenei urtero 15 miloi t’erdi oparituko dizkie», gehitu dute.

Honen eskutik behar handiena dutenei murrizketak ezartzea datorrela azpimarratu dute. «Gipuzkoan 16.697 pertsonek jasotzen dute mendekotasun prestazioren bat. Urtarrilaren 1etik indarrean sartu den Foru dekretuarekin, 16.697 onuradunetatik %27a, hau da, 4.330 pertsonak, murrizketak jasaten hasi dira».

Mendekotasuna duen pertsona etxean zaintzeagatik diru-laguntza jasotzen duten senideei urtarriletik hilabetero 25 eta 80 euro arteko murrizketa aplikatu zaiela ekarri dute gogora.