NAIZ
BILBO

Hezkuntzaren aldeko akordioaren txostena gehiengoz onartu du Eskola Kontseiluak

Lakuako Gobernuak osatu zuen ‘Hezkuntzaren aldeko Akordioaren oinarriak’ dokumentuaren inguruko txosten bat aztertu ondoren, EAEko Eskola Kontseiluan dauden partaideek gehiengoz onartu dute. LAB, CCOO, Steilas eta Ehigek aurkako botoa eman zuten.

Ohar bidez Eskola Kontseiluak jakinarazi duenez, hezkuntzari buruzko talde kontsultibo horretan parte hartzen duten eragileen %70ak onartu egin zuen Lakuak osatu zuen dokumentuaren inguruko txostena.

LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek eta Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak kontrako botoa eman zuten.

Eskola Kontseiluak gogoratu duenez, Hezkuntza Sailak iragan martxoaren 7an helarazi zien dokumentua, Euskal Hezkuntza Legerantz abiatzeko lehen urrats giza jo zutena.

Landu eta onartutako dokumentua Cristina Uriarte sailburuari itzuli diote eta espero dute uda aurretik hezkuntza lege horren oinarriak finkatuko lituzkeen testua prest edukitzea, ondoren Parlamentura igortzeko, sailburuak berak eman zuen egutegiaren arabera.

‘Hezkuntzaren aldeko Akordioaren oinarriak’ izeneko txostenak bost bloke ditu: elkarbizitza, hizkuntza, ebaluazioa, hezkuntzaren modernizazioa eta zentroen autonomia.

Eskola Kontseiluak irakurketa positiboa egin du, baina atal batzuetan garapen eta zehaztasun handiagoa behar dela adierazi du, nahitz eta uste duen prozesuaren beste fase bati dagokiola hori.

Era berean, bost gai horiek funtsezkoak direla uste dute, baina beste kontu batzuk falta direla ohartarazi dute, hala nola, «Euskal Hezkuntza Sistemaren egitura, arkitektura, finantzaketa, euskalduntzearen erronka berriak, plangintza, erlijioaren lanketa...».

Adostasuna «ezinezkoa» dela izan den arren, partehartzea eta jasotako ekarpenak zein aurka bozkatu dutenek aurkeztutako boto partikularrak eskertu ditu Eskola Kontseiluak, «txostena aberastu eta kontseiluko aniztasuna begibistan jartzen dute eta».