NAIZ
BILBO

LAB: «Langileok borrokak kalera atera behar ditugu, emakumeek edo pentsiodunek bezala»

Babes sozialerako euskal esparruaren alde eta lan hitzarmenen estatalizazioaren aurka bi orduko lanuzteak deitu ditu LABek heldu den maiatzaren 30erako. «Langileok borrokak kalera atera behar ditugu, emakumeak edo pensiodunak egiten ari diren moduan», nabarmendu dute sindikatuko ordezkariek.

LABeko ordezkarien maiatzaren 30ko lanuzteen deialdia erregistratu dute Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
LABeko ordezkarien maiatzaren 30ko lanuzteen deialdia erregistratu dute Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Maiatzaren 30erako lan hitzarmenen estatalizazioaren aurka eta Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde deitu dituen bi orduko lanuzteak erregistratu ditu LABek gaur goizean Bilbon, Lakuako Gobernuaren egoitzan. 

LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak nabarmendu duenez, «Lan zentrO eta sektoreetan egiten ari garen borrokak kalera atera behar ditugu, emakumeak edo pentsiodunak egiten ari diren moduan».

Ildo horretan, dei egin die langileei maitzaren 30eko mobilizazio eta lanuztearekin parte har dezaten, «prekarizazio eta estatalizazioaren kontra eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde».

Ugartemendiaren hitzetan, «Euskal Herrian lan egiten dugu, eta berton nahi ditugu gure lan baldintzak erabaki. Inboluzio politiko eta soziala pairatzen ari gara, eta patronalak eta botere politikoen arteko aliantzak lan baldintza prekarioak inposatu nahi dizkigute. Estatalizazio estrategia aurrera eraman nahi dute horregatik, eta zentralizazioa, blokeoa, negoziazio eremu berriak ez irekitzea eta aurrekontuen legeak baliatzen dituzte horretarako», salatu du. 

Horrek guztiak euskal langileentzat ondorio larriak dituela ohartarazi du: «Estatuko lan baldintzak inposatzen ari zaizkigu. Gero eta prekarioagoak gara, eta gure erabakitzeko eskubidea ukatu nahi digute».