NAIZ
GASTEIZ

2016-2017 ikasturtean 86 eskola jazarpen kasu identifikatu zituzten EAEko ikastetxeetan

Joan den ikasturtean, 2016-2017an, 86 jazarpen kasu identifikatu zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan, Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako 443 kasuen %19,41ean. Aurreko ikasturtearekiko «beherakada nabarmena» eman zela nabarmendu dute. 

Eskola jazarpenari buruzko datuak emateko agerraldia, Cristina Uriarte sailburua buru. (IREKIA)
Eskola jazarpenari buruzko datuak emateko agerraldia, Cristina Uriarte sailburua buru. (IREKIA)

Lakuako Hezkuntza Sailburuak, Cristina Uriartek, 2016-2017 ikasturteari dagozkion eskola jazarpen kasuen berri emateko agerraldia egin du. 

Uriarterekin batera egon dira Jose Angel Ayucar, Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia, eta Aitor Albizu, Durangoko Berritzeguneko aholkulari eta eskola jazarpenaren kontrako Bizkikasi ekimena garatu eta abian jartzeko lanean ari den profesionaletako bat.

Azaldu dutenez, 86 jazarpen kasu antzeman zituzten EAEko ikastetxeetan, hain zuzen, Hezkuntza Ikuskaritzak aztertu zituen 443 kasuen %19,41ean.

2015-2016 ikasturtean identifikatu ziren 121 kasuekiko (aztertutako guztien %24,85a) «beherakada nabarmena» azpimarratu dute.

Kasu kopuru gehiena Bigarren Hezkuntzan eman ziren, zehazki, 86 kasuetatik 57. Gainerako 29ak Lehen Hezkuntzari dagozkio, bereziki etapa horren azken ikasturteari.

Antzeman ziren kasuen ia erdia, %48,8a, bazterketa edo marjinazio sozialari zegozkion. Beste izaera batekoak ere aipatu dituzte, hala nola, eraso fisiko zuzena (%13,9a), hitzezko erasoak (%20,9a), beldurra eragitea, mehatxuak edo xantaia (%8,1) edota jazarpen sexista (%3,4a).

Nabarmendu dutenez, identifikatutako kasuen %20an jazarpena internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoen bitartez gertatu zen. «Ciberbullying deritzona dagoeneko ez da hain fenomeno berria eta protagonismoa du eskola jazarpen gisa identifikaturiko kasuetan», esan dute.

Bizikasi

Uriarte sailburuak gogoratu du Hezkuntza Sailak ikasturte honetan Bizikasi programa jarri duela abian, ikastetxeak bizikidetza positiborako eta indarkeriarik gabeko espazio bihurtzeko lehentasunezko helburua duena. 

2017-2018 ikasturtean zehar dagoeneko ikastetxe publiko guztietan eratu dituzte Bizikasi ekimenak eskatzen dituen talde dinamizatzaileak, launa pertsonek osatzen dituztenak.

Duela ia zortzi urtetik hona haurrei eta nerabeei arreta emateko telefono bat badagoela ere gogoratu dute, Zeuk esan telefonoa: 116 11. Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren zerbitzu honetan psikologo talde batek beharra dutenen arazoa entzun eta laguntza ematen die.