Publizitatea, sormena eta euskara uztartzen dituen euskarazko spot lehiaketak baditu irabazleak, atzo iluntzean egin baitzuten sariak emateko ekitaldia, Aretxabaletan. Aurtengoan, inoiz baino parte hartzaile gehien izan dira, eta iragarki onenaren saria, 1.000 euroko balioa duena, bi lanek partekatu dute. Andoni Martinez de Madinaren, Ieneko Ruiz de Azuaren eta Iratxe Agileraren ‘Sare sozialekin liorik ez’ lana eta Nora Latatu Landaluzeren ‘Gizaki programatuak’ spota izan dira garaileak. Azken honek gainera, Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarki onenaren saria ere eraman du.
Aurten 73 lan aurkeztu dira Euspot lehiaketara. Horietatik 47 izan dira 18 urtetik beherako kategoriakoak, eta 26 izan dira 18 urtetik gorako egileenak.
2012 urtean sortu zen euskarazko spot lehiaketa hau eta antolatzaile nagusia Gipuzkoako Aldundia den arren, Aretxabaletako Udalaren, Mondragon Unibertsitatearen, Arizmendi ikastolaren, Arteman publizitate agentziaren eta MusicLibrary webgunearen laguntza ezinbestekoa da. Zazpigarren edizio honetan “Irudi digitala gure bizitzako harremanetan” gaia landu behar zuten parte hartzaileek.
Publikoaren saria ostera, ‘Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago’ bideoaren egile diren Danel Charrok, Oihana Benitok eta Lierni Castillak eraman dute. 14-18 urte arteko neska-mutikoen lanentzat BHklip saria, ostera, Oihan Loiti Iraolaren ‘Izan zu zeu’ lanak eskuratu du. Digitalean ere iragarkia berak eraman du garaikurrra. Musika sinkronizazio onenaren saria ‘Deskonektatu konektatzeko’ lanak eskuratu du.
Antolatzaileen arabera, zazpigarren edizio honetan, parte hartze kopuruan eta kalitatean «igoera nabarmena» izan da. Iaz baino 22 lan gehiago aurkeztu dira, eta horren arrazoien artean dago ikasketxeetan egindako lanketa berezia egon daitekeela uste dute.