naiz

«Euskal Herrian bizi» kanpaina abian jarri du Ernaik

Ernai gazte antolakundeak «Euskal Herrian bizi» kanpaina aurkeztu du, «bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza erdigunean jartzeko apustua» egin asmoz. Euskal Herrian «erregimenak» bizi proiektu «duin» bat izatea «ezinezko» bihurtu duela salatu du.

«Gazteon bizitzak prekarietatez ezaugarritu dizkigute. Bizi baino biziraun beharrak. Izan ere, enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez haratago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza, ezegonkortasuna eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan», adierazi du Ernaik ohar baten bidez. Honek, bizi proiektu «duin» bat izatea «ezinezko» bihurtu duela salatu du gazte erakundeak.

Honen ondotik «Euskal Herrian bizi» dinamika jarri dute martxan. Kanpaina lau ideiatan oinarritu dute. Hala, «bizitza erdigunean jarriz eta gure herria eraikitzeko konpromisoz», aurkeztu dute. «Lana, hezkuntza, etxebizitza, harreman sozialak, harreman afektibo-sexualak, denbora gabezia, osasuna, zaintza, parte hartze politikoa, etorkizunerako zerumugarik eza eta prekarietateak gure bizitzak zeharkatu ditu», azpimarratu dute. Eta «erregimena» egin dute honen erantzule. Hala ere, ugimendu feminista, pentsionistak, erabakitzeko eskubidearen aldekoak edo herri eredu desberdinen aldeko mugimenduek argi izpi bat piztu dutela iritzi du gazte antolakundeak.

«Batzuek diotenaren kontra, gazteon egoera prekarioa ez da trantsitorioa edota kointurala. Ez da arazo sektoriala, gazteon egoerak jendarte osoan du eragin kaltegarria», azpimarratu nahi izan dute.

Erantzule hoien artean kokatu du ere EAJ. «Eskema argia da; elite ekonomiko eta enpresarialak agindu, Bruselak diktatu, espainair eta frantses estatuek inposatu eta dependentziaren aitzakiapean hemengo agintariek aplikatu. Erregimenaren piramidea».

Honen aurrean, ekintzara pasatzeko hautua egin dute: «Bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza erdigunean jartzeko apustua egiten dugu. Auzolana, burujabetza, lan autonomo eta sortzailea, kooperatibismoa, parekidetasuna, jasangarritasuna, demokratizazioa, herria, bizipoza edo euskara ardatz, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua orain eta hemen eraikiko dugu. Euskal Herrian bizi nahi dugu», berretsi dute.