Ion SALGADO
GASTEIZ

Ernaik «oraina borrokatzeko koordenadak» zehaztu ditu

Gazte antolakundeak «bizitza sostengarritasuna eta zaintza» erdigunean jarriko dituen ereduaren ardatzak jasotzen dituen txostena plazaratu du. Ardatz horiek justizia soziala, parekidetasuna, kooperatibismoa, euskara eta demokrazia dira, besteak beste.

Auzolana, justizia soziala, parekidetasuna, demokratizazioa, euskara... horiek dira Ernaik «bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza erdigunean jarriko dituen eredua» lortzeko zerrendatu dituen puntuak. «Puntu hauek zenbakiak dira koordenadetan. Elkarri lortu beharrekoak, bidean aurrera jarraitzen laguntzen dutenak. Eguneroko borrokan zenbatzen ditugunak; proiektu txikitzaileen aurka borrokatuz, seinale arrotzak kenduz, espazio askeak irekiz, gure oraina geuk kontatuz, ahaldunduz, hortzak erakutsiz, elkar zainduz, formatuz, kaleak geure eginez. Finean, gure bizitzaren koordenadak elkarrekin eta Herri bezala markatuz».

Hala dio Ernaik argiratu berri duen txostenean, “Oraina borrokatzeko koordenadak” izenekoan. Bertan azaltzen da gaur egungo egoera, eta azterketa sakona egiten du hiru gairi buruz: hezkuntza sistema, enplegua eta etxebizitza. «Pairatzen dugun prekaritate, pobretze eta esplotazio egoeran bete-betean eragin baitute», diote gazte abertzaleek, hezkuntza sistemak, «kapitalaren interesei jarraiki» bi xede nagusi dituela azpimarratuta: «Sisteman txertatuko diren herritarrak heztea», eta «lan merkatuak dituen beharrak asez, maila guztietako langileria espezializatua eta eremu mugatuetako adituak formatzea/ekoiztea».

Enpleguari dagokionez, soldatapeko lana «pozoitutako» lana dela dio Ernaik, «bere baitan esplotazioa ematen delako». «Langileen beharrizanak asetzeko beharrezko soldata eta langileek sortu duten produktuaren balio bera izango lukeen soldataren arteko ezberdintasunetik eratortzen da gainbalioa. Horrela, langileok sortutako aberastasuna kapitalista eta burgesek bereganatzen dute. Aberatsak gero eta aberatsago bilakatuz, eta pobreak beti pobre mantenduz», gaineratzen du, eta prekaritatea gazteon enpleguaren «ezaugarri nagusia» dela salatzen du.

Gazteen kontratazioetan duten eraginagatik, aldi baterako enpleguak eta lanaldi partzialak modu berezituan aztertzea garrantzitsutzat jotzen dute. «Enplegu mota hauek askoz ezegonkorragoak dira, lan-baldintza okerragoak izaten dituzte eta soldata baxuagoak. Baldintza hauek erabat zailtzen dute enplegu egonkor bat izatea, eta horrela, baldintza prekarioetan lan egiteak bizitza laboralean zehar egoera bera birproduzitzeko arriskua handitzen du», ohartarazten du Ernaik bere txostenean. Bertan sexuen arteko ezberdintasunak jasotzen dira: «Datuak sexuen arabera aztertzean, 25 eta 34 urte arteko datuak hartuta, emakumeen soldatak gizonenak baino %29 txikiagoak dira Nafarroan eta %24 Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian».

Hirugarren atalean etxebizitzaren egoera aztertzen du Ernaik. «Behar edo eskubide gisa definitzen badugu ere, kapitalismoan etxebizitzaz gozatzea ez dago bermatuta. Kapitalismoan etxebizitza eta eraikuntza merkatua da: irabazi azkarrak ematen dituzten espekulazio-ogasunak dira. Merkatu honen bidez, irabaziak ziurtatzeaz gain, diziplina mekanismo bat bilakatzen da etxebizitzaren afera. ‘Nola egingo dut nik ba greba hipoteka bat bizkarrean badut edo alokairu itogarri bat ordaindu behar badut?’ galdetzen diote langile ugarik beren buruari».

Ernairen hitzetan, bizi proiektu duin bat garatzeko oinarrizko beharra da etxebizitza. «Berau ukatuta beste hainbat eskubide ere ukatzen zaizkigu eta, horregatik, gazteon emantzipazio ibilbidean ardatz nagusietako bat bilakatzen da. Gazteok beti izan ditugu zailtasunak etxebizitza bermatuta izateko gure bizitzan, baina azken urteetako bilakaerak egoera hori gogortu baino ez du egin». Eta etxebizitza politikak deitoratzen dituzte: «Egunez egun udal, aldundi eta gobernuetatik garatzen diren etxebizitza politika gehienek ez dute ezbaian jartzen etxebizitza merkatua. Horren ordez, espekulazioan eta segregazioan oinarritzen den eredua sustatzeko neurriak aplikatzen dituzte. Esku hartze publikorik ezean, nekez desmerkantilizatu daiteke etxebizitza eskubidea eta hau bermatzeko neurri errealak planteatu».

Bizitza erdigunean jarri

Egoera honi aurre egiteko, «denon bizitza erdigunean jarriko duen eredua» aldarrikatzen du Ernaik: «Dena aldatzeko dena erabakiz, herritar zein herri gisa burujabetzan sakonduz. Ez dugulako menpeko izan nahi. Geure buru, gorputz eta bizitzen gain guk geuk erabaki ezean, beste batzuek egingo baitute gure ordez, eta jasaten dugun eran, gure kontra. Horretarako, gure bizitza ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalaren gaineko erabakiak gauzatu beharko ditugu gaurdanik. Bi estatu zapaltzaileen ‘Mozal lege’, Lomce, lan erreforma eta bestelako inposaketei aurre eginez, borondate zein behar kolektiboen zerbitzura hemen erabakiz eta erabakiak errespetaraziz».

«Dena aldatzeko dena erabakiz, bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza ardatz, baliabide kolektiboak euskal herritarron borondate nahiz behar kolektiboen zerbitzura jarriko dituen Euskal Errepublika eraikitzeko tenorean gaude», nabarmentzen du gazte abertzaleen antolakundeak argitaratu duen txostenean. Beraien webgunean eskuragarri dago.