NAIZ+

‘Altsasu aurrera’, Esti eta Mikel Markezen eskutik

Mikel eta Esti Markez abeslariek Facebooken partekatu dute ‘Aurrera Altsasu’ abestiaren bertsio eder hau eta ordu gutxiren bueltan sekulako arrakasta izan dute.

 

Altsasuko gazteen atxiloketak elkartasun eta salaketa uholde bat eragin du Euskal Herrian. Makina bat elkarretaratze eta manifestaldi egin dira gure lurralde luze zabalean. Babesa, haatik, modu eta forma desberdinetan heldu da. Ondoko bideoan Mikel eta Esti Markez abeslariak ageri dira, ‘Aurrera Altsasu’ abestiaren bertsio eder hau egiten.

Iazko irailean ikusi zuen argia abestiak, 2016ko urrian Guardia Zibilarekin izandako liskar baten ondorioz auzipetu zituzten gazteen gurasoek bultzatuta. Jasaten ari ziren eta diren bidegabekeriaren aurrean babesa helarazi dieten guztiei eskertzeko asmoz sortu nahi izan zuten kantua.

Abestiaren letra Jon Maiarena da eta musika Vendetta taldeko Pello Reparazek sortu zuen. Proiektuan musikari eta bertsolari ezagun ugarik parte hartu zuten eta ordutik Altsasuko auziaren aurkako soinu banda izan da, auziak bizi izan dituen gora behera guztietan.

Mikel Markez abeslariak Facebook-eko bere perfilean partekatu zuen bertsio eder hau atzo iluntze partean, eta ordutik, azken 13 ordu hauetan, ia mila aldiz izan da partekatua, arrakastaren erakusle.

Guardia Zibilak astearte goizean atzeman zituen Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea, «ihes egiteko arriskua» argudiatuta. Madrilera eramateko agindu zion Auzitegi Nazionaleko epaileak Guardia Zibilari eta bertan espetxera bidali zituen lau gazteak.