NAIZ
DONOSTIA

Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohiari hirugarren gradua eman diote

Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohiari hirugarren gradua eman dio epaileak, bera eta Iker Rokandio udal idazkari ohiari babesa emateko sortu zen plataformak jakinarazi duenez. Lau egun barru erabakia irmoa izango da.

Agirregabiriak eta Rokandiok herritarren babes handia jaso zuten espetxeratu aurretik. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Agirregabiriak eta Rokandiok herritarren babes handia jaso zuten espetxeratu aurretik. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohiak ia zazpi hilabete daramatza Martuteneko espetxean, iazko azaroaren 20tik, Gipuzkoako Entzutegiak iazko irailean ezarri zion bi urte eta erdiko zigorra betetzen. Berari eta Iker Rokandio udal idazkari ohiari babesa adierazteko sortu zen plataformak atzo jakinarazi zuenez, epaileak orain hirugarren gradua ematea onartu du eta erabakia datorren astean izango da irmoa, lau egun barru.

Agirregabiria eta funtziotan zen udal idazkari Rokandio justiziari traba egitea leporatuta epaitu eta zigortu zituzten, lau urte lehenago udaltzainek bizilagun batekin izan zuten liskarrean bitartekari lanak egin eta bi poliziari epaiketa batera ez joateko agindua emateagatik. Bina urte eta erdiko kartzela zigorraz gain, zazpina urteko inhabilitazioa ere ezarri zieten biei, prebarikatzioa egotzita.

Rokandio abenduaren 11n sartu zen Zaballako kartzelan, eta otsailaren 9az geroztik hirugarren graduan dago.

2013ko otsailaren 19an gaizki aparkatuta zegoen auto baten jabearekin izandako liskar baten harira, auzia epaitegietatik urrun mantentzeko asmotan bi udaltzaini epaiketara ez joateko agindua –zerbitzu jurdikoekin eta udaltzainekin adostutatakoa– sinatzeagatik ezarri zieten zigorra. Zigor arloko epaitegi batek urtebeteko espetxe zigorra ezarri zien, baina Gipuzkoako Auzitegiak bi urte eta erdira igo zuen gero.

GARAri eskainitako elkarrizketa batean azaldu zuten guztia Agirregabiriak eta Rokandiok.