Bilbon egin duten agerraldian, datorren ikasturteari begira itunpeko ikastetxeetan egingo dituzten greba eta moblizazioak iragarri dituzte ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek, sektorean ordezkaritza daukaten guztiek.
Urrian, 9 eta 10ean deituko dute greba eta azaroan, 27, 28, 29 eta 30ean.
«Benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean», boluntarioak diren zereginetan parterik ez hartzeko kapaina ere bultzatzen ari dira sindikatuak.
Lantokietan batzarrak, elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten jarraituko dutela ere jakinarazi dute.
Sindikatuek salatu dute patronalak ez diela mobilizazioak eta grebak areagotzea «beste aukerarik eman». «Ez dute ezta zirkinik ere egin negoziazio-mahairako deialdirik egin gabe daude eta gure eskakizunetako bati ere ez diote erantzun».
Azpimarratu dute sektoreko langileak ia hamar urte egon direla hitzarmena berritu gabe eta lan baldintzak hobetzea «premiazkoa» dela adierazi dute.
Eroste-ahalmena berreskuratzea, administrazio et zerbitzuetako pertsonalaren lanaldia murriztea, bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, beste neurri batzuen artean.
Ikasturte honetan egin dituzten greba egun zein mobilizazioek langileen aldetik izan duten erantzun zabala ere goraipatu dute sindikatuek, patronalak erantzunik eman ez badu ere.
Horrez gain, ikasturte honetako 3 greba egunetan zenbait ikastetxetan «greba indargabetzeko irregulartasunak» antzeman dituztela salatu dute, «izan ere, zenbaitetan grebalarien legez kanpoko ordezkapenak egin ziren eta bestetan neurri gabeko deskontuak aplikatu zaizkie grebalariei». Irregulartasun horiek salatzeaz gain, nabarmendu dute «onartezinak» direla greba eskubidearen aurkako eraso horiek.