NAIZ
BILBO

Bea Ilardia eta Jone Goirizelaia, Bizkaia eta Bilboko hautagaiak aurkeztu ditu EH Bilduk

Datozen udal eta foru hauteskundeetan Bizkaiko Batzar Nagusietarako eta Bilboko Udalerako hautagaiak aurkeztu ditu EH Bilduk Bilbon, Bea Ilardia eta Jone Goirizelaia, hurrenez hurren. 

Bea Ilardia eta Jone Goirizelaiaren hautagaitzen aurkezpena, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Bea Ilardia eta Jone Goirizelaiaren hautagaitzen aurkezpena, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bilboko Itsas Museoaren atarian, Carola garabiaren aurrean egin du EH Bilduk Bizkaia eta Bilboko hautagaitzak aurkezteko ekitaldia. 2019ko udal eta foru hauteskundeetan Bea Ilardia eta Jone Goirizelaia izango dira, hurrenez hurren, Bizkaiko Batzar Nagusietarako eta Bilboko Udalerako zerrendaburuak. 

Barne hautaketarako prozesu bat jarri zuen EH Bilduk eta, hura amaituta, izendatu zituen ofizialki Ilardia eta Goirizelaia

Koalizio abertzalearen ordezkaritza zabal bat egon da Bilboko aurkezpenean: alkateak, batzarkideak, Bilboko udal taldea, Asier Vega Bizkaiko koordinatzailea, Oskar Matute diputatua...

Bea Ilardiak gogoratu du «askok, helburu zehatz batekin EH Bilduk duen kudeaketarako gaitasuna zalantzan jarri zutela». 

«Guk horri aurre egin diogu, herriz herri eta instituzioz instituzio egindako lanarekin. Lan gardena eta duina egin dugu», nabarmendu du, Elorrio, Bermeo, Ondarroa edo Plentzia adibide gisa jarriz.

Jone Goirizelaiak, bere aldetik, azpimarratu du asko direla «beste Bilbo batekin amets egiten» duten pertsonak.

«Hirian lortu nahi ditugun aldaketak elkarlanetik soilik helduko dira. Hiriari eman nahi diogun eta behar duen bultzada elkarrekin lanean bakarrik lortzen da. Argi daukagu hemen iniz ez dagoela soberan», esan du.