Uztailaren 20tik 23ra bizikleta martxa egingo du Sarek, «une honetan euskal presoei egozten zaien salbuespen egoerarekin amaitu beharra dagoela» aldarrikatu eta «urrunketa politikak zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua» nabarmentzeko. Uztailaren 20an Mont-de-Marsango espetxetik abiatuko dira eta 23an Zaballakoan amaituko da.
Lehen etapak Baionan izango du helmuga. Bertatik abiatu eta Donostiara iritsiko da bigarren eguna. Gipuzkoar hiriburutik Altsasura bidaiatuko dute uztailaren 22an. Eta azkenik, Zaballarako bidea eginen dute 23an.
Frantziar Estatuan hasiko da ekimena «frantziar Gobernuak gai honekiko aldaketarako duen borondatea erakutsi baitu» eta «erreferentzia argi» bihurtu dela iritzi dutelako. Zaballan amaitzeak ere badu bere zentzua, «espetxe politikaren aldaketaren ikur» izatea nahi baitute.
Aldaketak, «lehenbailehen»
Beste alde batetik, Pedro Sanchez espainiar Gobernuko presidente berriak gaiaren inguruan egin dituen adierazpenak ere ekarri nahi izan dituzte gogora. «Ezinbestekoa den urratsa litzateke konponbide eta bakearen bidean». Espetxe politika aldatzeko asmoa agertu zuen Sanchezek eta «positiboki» hartu du Sarek. «Eskaera hau partekatu nahi diegu gainontzeko alderdiei ere, ez dezaten alderdi interesak jaurtitzeko arma gisa baliatu».
Aldaketa hauek «lehenbailehen» gauzatzea espero dutela azpimarratu dute eta «giza eskubideen errespetuan oinarrituz, sekula suertatu behar ez lukeen salbuespen politika batekin amaitzea». Zentzu horrenan, lehentasuna eman diete gaixo dauden presoei, lehen graduaren amaierari eta beste estatu batean betetako zigorraren kontaketa «europar legediak eskatu bezala» egiteari.
Euskal presoak Euskal Herritik 250 kilometrotara gerturatzeko Lakuako Gobernuak egindako proposamena ere ekarri dute gogora: «Gure galdera, ordea, honako hau da: zergatik ez EAE eta nafarroako espetxeetara? Zergatiz ez 9 kilometrotara?». 250 kilometrotara egoteak oraindik ere suposatzen duen eskubide urraketa ez dute ahaztu nahi izan.