NAIZ
ONDARROA

Emakume batek salatutako sexu erasoa dela eta, elkarretaratzea egin dute Ondarroan

Elkarretaratzea egin dute astearte honetan Ondarroako Alamedan herriko emakume batek salatutako sexu erasoa dela eta. Horrez gain, bost puntutako adierazpen instituzionala onartu dute udalean.

Sexu erasoa salatu zuen Ondarroako emakume batek iragan ekainaren 13an. Hainbat hedabideren arabera, gizon bat izan zen inputatua eta epaiketa azkarra ere egin zioten. Erasoarena, baina, berriki atera da argitara eta orain mugitu da Ondarroako Udala.

Elkarretaratzea egin dute, arratsaldeko 20.00etan Alamedan. «Herritar guztiei dei egiten diegu emakumeen kontrako eraso guztien aurka egin dezatela eta edozein erasoren aurrean jarrera aktiboa izan dezatela». Hala dio onartutako adierazpen instituzionalaren bosgarren puntuak.

Indarkeria matxista salatzeko eta horri aurre egiteko bere konpromisoa berretsi du Ondarroako Udalak adierazpen instituzionalarekin. Bertan, eta emakumeen aurkako indarkeriari aktiboki erantzutea eskatzeaz gain, erasoa jasan zuen emakumeari elkartasuna adierazten zaio, eta udalak eskura dituen errekurtso guztiak martxan jarriko dituela esaten da, besteak beste.

Bestalde, eta NAIZera helarazitako mezu baten bidez, Ondarroako gazte feministek eskatu diete herritarrei erasotzailea herritik botatzeko mugitzeko, eta zuzenean erasotzaileari zuzenduz, eskatu diote «manipulatutako grabaziorik ez erakusteko», epaile batek jarritako urruntze-agindua betetzeko eta emakumea «zeharka mehatxatzeari» uzteko.