NAIZ
BILBO

Dimension publizitate-agentziari aitortza egin dio EHGAMek Urrezko Hirukiarekin

Diseinatu dituen kanpainetan euskal jendartearen aniztasuna, «baita esparru afektibo-sexualean ere», islatzeagatik Dimension agentzia donostiarrari Urrezko Triangelua eman dio Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak (EHGAM). Ekai Lersundi gazte transexual ondarroarrari ere aipamen berezia egin diote. 

Dimension publizitate-agentziako kideak, EHGAMeko Imanol Alvarezekin. (@EHGAM)
Dimension publizitate-agentziako kideak, EHGAMeko Imanol Alvarezekin. (@EHGAM)

LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren harira, Bilboko Kafe Antzokian agerraldia egin du EHGAMek urtero ematen dituen Urrezko Triangelua eta Trapuzko Espartina banatzeko. 

Lehen aitortza Dimension publizitate-agentzia donostiarrarentzat izan da, diseinatu dituen kanpainetan euskal jendartearen aniztasuna islatzeagatik, «baita esparru afektibo-sexualean ere». Agentziako kideak bertan izan dira, EHGAMeko Imanol Alvarezen eskutik saria jasotzeko.

Joan den otsailaren bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi gazte transexualari ere aipamen berezia egin diote.

Ekitaldi berean iragarri dute aurten epailetza eta Elizarentzat dela Trapuzko Espartina. Bereziki, Francisco Cobo, Raquel Fernandino eta Ricardo Gonzalez epaileak –‘Manada’ delakoaren aurkako auzian parte hartu duten magistratuak–, Jose Ignacio Munilla Donostiako apezpikua eta Adingabeen Fiskaltza aipatu dituzte.