Zinemaldiak Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrari (Tokio, 1962) emango dio Donostia Saria aurten, bere ibilbidea aintzatesteko, ohar batean jakinarazi duenez.
Zuzendari japoniarra Donostia Saria jasoko duen lehen zinemagile asiarra izango da. Lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, eta bitan lortu du Publikoaren Saria. Saria emateko ekitaldia Victoria Eugenia antzokian izango da eta, hori osatzeko, ‘Manbiki kazoku/Shoplifters’ filma proiektatuko da; pelikula horrek Urrezko Palmorria irabazi zuen Canneseko zinemaldiaren azken edizioan.
Kore-edak hamargarren aldiz parte hartuko du Donostiako Zinemaldian. Aurretik, Sail Ofizialean lehiatu da ‘Wandafuru raifu/After Life’ (1998), ‘Hana yori mo naho/Hana’ (2006), ‘Aruitemo auritemo/Still Walking’ (2008) eta ‘Kiseki/I Wish’ (Milagro, 2011) –gidoi onenaren saria lortu zuen– filmeekin. Zabaltegi-Bereziak sailean ‘Nochi-no-hi/The Days After’ (2011) eta Perlak sailean ‘Soshite chichi ni naru/Like Father’, Like Son’ (2013), ‘Umimachi Diary/Our Little Sister’ (2015), ‘Umi yori mo mada fukatu/After Storm’ (2016) eta ‘Sandome no satsujin/The Third Murder’ (2017) pelikulekin parte hartu zuen.
1962an jaio zen Tokion, Waseda Unibertsitatean graduatu zen 1987an, eta TV Man Union telebista-ekoizpeneko konpainian hasi zuen bere ibilbidea, zenbait dokumentalen zuzendari-lanetan. 1995ean, zineman debutatu zuen ‘Maboroshi no hikari/Maborosi’ filmarekin.
Ordurako, bere estiloa azaldu zuen eta bere lanetan behin eta berriro agertu diren gaiak jorratu zituen, esaterako, familia-harremanak eta pertsona maiteak desagertzeak sortzen duen hutsunea. Filmak Urrezko Osella irabazi zuen Veneziako zinemaldiko 52. edizioan, eta etorkizun handiko zinemagiletzat hartu zuten azkar Kore-eda –1990ko hamarkadan, Japoniako zinemaren berrikuntza sortzaile garrantzitsua egiten zuten zinemagileetako bat izan zen–.
Bere bigarren filmak, ‘Wandafuru raifu/After Life’ (1998), fantasiazko zinemaren eta teknika dokumentalen arteko fusio originalak, bere talentua berretsi besterik ez zuen egin Donostiako Zinemaldian estreinatu eta gero.
Kore-eda gaur egungo Japoniako bizitzaren kronista handietako bat bada ere, ‘Hana yorimo naho/Hana’ (2006) filmean, zinema historikoa eta samuraien gaia jorratu zituen, oso ikuspegi pertsonaletik, bere mezu humanistarekin generoaren konbentzioak apurtzeko.
Azken urteetan, familiarekiko eta haurrekiko interesa lehenesten jarraitu du, oroimenari, galerari eta bizitzearen esperientzia gazi-gozoari buruzko drama sentikorren bidez.