NAIZ+

Nafarroako lurretan dabil jada Euskarabentura

Ibañetako portutik Nafarroarako bide hartuta, Euskarabentura espedizioak agur esan die Zuberoa eta Nafarroa Beherari.

Zuberoa eta Behe Nafarroa zeharkatuta, Nafarroan murgildu da Euskarabentura espedizioa. Euskal Herria zeharkatzeko bokazioa du joan den uztailaren lehenean Maulen abiatutako espedizioak.

Astelehenean ekin zioten lehen etapari. Maule eta Jutsi arteko bidea egin zuten orduan, 21,2 km eta + 700 metroko desnibela zuen ibilbidea.

Bigarren egunean Jutsi atzean utzi eta Donibane Garazi izan zuten helmuga.

Hirugarrenean ostera, ekaitz arrisku handia zela medio, atsedenerako tarte luzeagoa izan zuten.

Michele Etchebest eta Alphonse Idiart Maule eta Donibane Garaziko auzapezak Euskarabentura gertutik ezagutu eta gazteei harrera beroa egitera hurbildu ostean, espedizioak agur esan die Zuberoa eta Nafarroa Beherari.

140 lagunek osatzen dute Euskarabentura, 16-17 urte bitarteko 110 gazte eta 30 helduz osatutako lan-taldea baita eta Maule eta Getxo arteko bidea lotzea dute xede. Dena baina, ez da ibiltzea Euskarabenturan.‘Gartxot’ filma ikusteko aukera izan zuten gazteek atzo Auritzen eta aurrez, Donibane Garazin Laborantza herrikoia eta iraunkorra zer den ezagutzeko beta izan zuten dokumental bat ikusiz. Jolas eta gozamenerako tartea ere, non-nahi aurkitzen dute gazteek.

EuskarAbentura espedizioa uztailaren 31ra arte luzatuko da eta Getxon (Bizkaian) bukatuko da 483 kilometro oinez eta orotara 783 km, dozenaka bidelagun egin ondoren eta, milaka esperientzia jaso eta gero. Euskal Herriko eta diasporako hamaika txokotako 16-17 urte bitarteko 110 gazte batu dira taldera. Gazteen gehiengoa, %43, bizkaitarra da (48 gazte), %21 nafarra (23 gazte), %19 Gipuzkoatik etorriko da (20 gazte) eta %13 Arabatik (14 gazte). Zuberoa, Lapurdi eta Behe-Nafarroatik gazte bana etorri da eta diasporatik bi; bat Washingtondik eta bestea Patagoniatik. Gazteen %65 emakumeak dira, 72 neska eta 38 mutil.