NAIZ
ORIO

Errealitate printzipioaren aplikazioa aldarrikatu dute iheslari eta deportatuek

190 dira 2013ko Biarritzeko Adierazpena egin zenetik sorterrira itzuli diren iheslari eta deportatuak. Bada oraino, baina, Euskal Herritik urrun bizi den euskal errepresaliaturik. Hauen guztien etxeratze prozesua gauzatzeko eman beharreko urratsen berri eman dute Orion.

Iheslari eta deportatuen itsasoratzea irudikatu dute. (Jon URBE/FOKU)
Iheslari eta deportatuen itsasoratzea irudikatu dute. (Jon URBE/FOKU)

Iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herri baten aldeko ekitaldia egin dute larunbat eguerdi honetan Orion. Euskal herriratze prozesua egiten ari direla irudikatu nahi izan dute, ibaian behera txalupetan behera abiatuz eta portuan ongi etorria eginez.

Ekitaldi nagusia, berriz, herriko plazan egin dute. Jon Irazola iheslari ohia izan da hitza hartu duena. Azaldu duenez, 2.500 dira 70. hamarkadatik gaur arte sorterria utzi beharrean izan diren euskal herritarrak.

Hauen herriratze prozesua abian da baina. 2013ko Biarritzeko Adierazpenean jarri ziren horretarako oinarriak, eta 190 dira ordutik hona sorterrira itzuli diren iheslari eta deportatuak.

Bide horretan, baina, hiru oztopo nagusi antzeman dituzte. Bata Auzitegi Nazionaletik dator, honek ez baitu errepresaliatu bakoitzaren egoera zehatzaren inguruko informaziorik ematen. Bestalde, preskripzio epeak «maltzurki» ari dira luzatzen, betiere Fiskaltzaren kolaborazioarekin. Eta, hirugarrenik, ez dira torturak kutsatutako dosierrak baliogabetuak izan.

Bada Iraolak adierazi duenez, aipatu hiru oztopoak gaindituz gero, eta Gobernu espainiarrak presoen aferan aplikatu duen errealitate printzipioari jarraituz gero, iheslari eta deportatu guztien Euskal Herriratzea gauzatzeko baldintzak emango lirateke.