NAIZ
PAUE

Familia bereko bost kide hil dira Paueko etxebizitza batean, nahita piztutako sute batean

Lau heldu eta bi urteko haur bat hil dira Paueko etxebizitza batean gaur goizaldean piztu den sutean. Lehen informazioen arabera, familia bereko kideak lirateke guztiak eta haietako batek nahita eragindako sutea izan da. 

Sutea goizaldean piztu da Paueko erdiguneko Richelieu kaleko lau solairuko etxebizitza batean. Suhiltzaileek 6.40an jaso dute abisua, eta hara iritsi direnean bost pertsona aurkitu dituzte lehen solairuko apartamentuaren barruan, guztiak hilda. 

Hildakoak etxean bizi ziren bikotea –Sevillako jatorria zuen emakume bat eta senarra– eta haren bi urteko semea dira; beste bi hildakoak emakumearen gurasoak dira, bisita egitera joandakoak.

Suhiltzaileek adierazi dutenez, sutea piztu den etxebizitzako atea ireki ezin zuen pertsona batek deitu die. Bizilagun horrek odol arrastoak ikusi ditu etxeko leihoetako batean, eta larrialdi zerbitzuei deitu die. 

Garrak berehala amatatu dituzte eta polizia judiziala ere bertara joan da. Cecile Gensak fiskala ere bertaratu da.

‘Sud-Ouest’ egunkariak bertako bizilagunak aipatuz berri eman duenez, familian liskarrak ohikoak ziren. Goizeko bostak aldera eztabaidan hasi dira eta bizilagunek kolpeak entzun dituzte.

Indarkeria zantzuak eta salaketa

AFP agentziari poliziaren iturriek azaldu diotenez, bikoteetako batek eta beste bikoteko emakumeak indarkeria zantzuak dituzte.

Paueko lehen alkateorde Jean-Paul Brinek esa duenez, «familia-drama» izan den hipotesia da nagusi. 

Paueko Poliziak uste du gizonetako batek piztu duela nahita sutea, familiako gainerako kideak hil dituela eta ondoren bere buruaz beste egin duela. Emakumeetako batek salaketa jarri zuen senarraren aurka duela gutxi indarkeria matxistagatik, ‘Sud-Ouest’ egunkariaren arabera.

Sutearen ondorioz etxe horretak bizilagun guztiak kanpora atera dituzte eta kalea itxi egin dute.