Iruñean txupinazoari adi ziren bitartean iritsi zen Euskarabentura Zubirira eta orientazio ikastaroa izan zuten bertan. San Fermin egunez Iruñera iritsi zen espedizioa eta Gora Iruñea kolektiboarekin herri-olinpiadetan izan zen espedizioa, zumbarako tartea ere izan zen eta baita erromerirako ere. Ingurukoak diren espediziokideek soinean duten laranja koloreko kamiseta kendu eta zuriz janztea eskatu omen zuten, «etxean kanpotar gisa egotea arraroa» egiten omen zitzaielako.
Igandean ohikoan baino beranduago abiatu zen espedizioa baina iritsi ziren Garesera. Koldo Colomo bertako euskara teknikariarekin euskarak Nafarroa Garaian duen egoera aztertu eta 15 urtera euskara normalizatua izango litzatekeen egoera irudikatzeko ariketa egin zuten. Ofizialtasuna eta sentsibilizazioa aipatu zituzten horretarako gako gisa.
Bero egin du azken egunotan eta horregatik etapak lehenago hastea erabaki dute antolatzaileek. 6.30ean esnatu zuen espedizioa musikak Lizarrarako bideari ekiteko, «beroa da bidelagunik gaiztoena; eguzkiak gogor jotzen du 9.30etik aurrera», diote parte hartzaileek.
Karlismoaren museoan bisita gidatua egin ostean Asisko Urmenetaren ahotik Agosti Xaho zuberoarraren berri jaso zuten. Aitor (aita oro) eta Amagoia (ama goikoa) izenak berari zor zaizkiola aipatu zien, besteak beste.
Uztailak 10, asteartea, Urantzirako bidea Euskarabenturak. Arratsaldean Los Arcosen Patri Espinar pilotariarekin euskal pilotaren munduan emakumeen errealitateaz hitz egin zuen eta izan zen tarterik, noski, pilotan jarduteko.
Trikuak, katagorriak eta erbiak
140 lagun dira guztira espedizioan doazenak eta norberaren behar eta haalen neurrira egokitzeko hiru taldetan banatu dira. Trikuen taldean babaren bat edo minez direnak sartu ohi dira eta erritmo motelagoan ari dira ibilbidea egiten. Hauek irten eta 20 minutura abiatu ohi dira Katagorriak eta azken taldea dira irtetzen, lehenak iristen maiz, Erbiak. Hartara, bakoitza bere erritmoan baina helmugara antzera iritsi ohi dira azkenean.
Albiste hasieran Iruñea eta Los Arcos arteko etaparen bideo laburpena. Hemen, Donibane Garazi eta Zubiri artekoa.