Etxerat elkarteak berri eman duenez, beste hiru euskal preso gerturatu dituzte frantziar agintariek. Igor Suberbiola donostiarra eta Ibon Goieaskoetxea busturiarra Arlesen zeuden, Euskal Herritik 750 kilometrora, eta Mont de Marsanera eraman dituzte, Landetan.
Asier Bengoa gasteiztarra, berriz, Clairvauxeko espetxean zegoen, Euskal Herritik 1.050 kilometrora, eta orain Lannemezanera lekualdatu dute. Kartzela horretan dagoeneko ez dago euskal preso politikorik, bertan zegoen Aitzol Etxaburu Mont de Marsanera eraman baitzuten joan zen astean.
Arlesen ere orain ez dago euskal presorik, Garikoitz Aspiazu Estatu espainiarrera eraman baitzuten Auzitegi Nazionalean epaitua izan dadin.
Hogei preso inguru hurbildu dituzte
Otsailaren bukaeran hasi ziren frantziar agintariak euskal presoak Lannemezan eta Mont de Marsaneko kartzeletara lekualdatzen. Zigor Garron eta Julen Mendizabal izan ziren lehenak eta ordutik hogei preso inguru aldatu dituzte espetxez.
Mont de Marsan eta Lannemezan dira Euskal Herritik gertuen dauden bi espetxeak. Lehena 230 bat kilometrora dago eta, bigarrena, aldiz, 330era.
Beste preso bat, Joseba Fernandez Aspurz, Euskal Herritik 450 kilometrora dagoen Mureteko kartzelara lekualdatu zuten.