GARA
NEW YORK

Segurtasun Kontseilua zatituta, klimak gatazketan duen eraginaren inguruan

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari al dagokio klima aldaketaren efektuak aztertzea eta horiei aurre egitea? Baiezkoan dago Suedia, baina Errusiak, Txinak eta Boliviak aurkako jarrerari eutsi diote.

«Gatazkak eragiteko ahalmena duen faktore sare bateko gai moduan ulertu behar dugu klima aldaketa», esan zien Segurtasun Kontseiluko kideei Amina Mohammed Nazio Batuetako idazkariordeak asteazkenean.

Zazpi urte gaia aztertu gabe egin ditu Kontseiluak. NBE Nazio Batuen Erakundeak berak garbi dauka gaur egungo segurtasun arazo larrienekin lotuta dagoela berotze globala. Estatu frantsesak eta Britainia Handiak beharrezkotzat jotzen dute kontseiluak gaia bere agendan sartzea, klima aldaketak segurtasunean sekulako eragina duelakoan. Kontseiluko kide gehienek bat egin zuten posizio horrekin, gogo handiz batzuek, txikiagoaz besteek.

Baina Errusiak, Txinak eta Boliviak adierazi zuten Segurtasun Kontseilua ez dela klima aldaketa aztertzeko fororik egokiena.

Kide horien iritziz, Segurtasun Kontseiluaren zeregin nagusia munduan bakeari eta segurtasunari eustea da. Bertan eserleku iraunkorra duten Txinak eta Errusiak gauzak horrela segitzea nahi dute, edozein aldaketa beren posizioa ahultzeko erabiliko litzatekeelakoan.

Dmitri Polyanskiy errusiar ordezkariak beste herrialdeei leporatu zien klima aldaketaren kontua «helburu politikoekin» erabili nahi izatea. Bere ustez, ez da egokia Kontseilua gai horretaz arduratuko dela zabaltzea, bere zeregina ez delako hori eta bide horretatik desilusioa besterik iritsiko ez delakoan. Eztabaida bera deitu izana kritikatu zuen Polyanskiyk.

Margot Wallstrom Suediako Atzerri ministroak erantzun zuen klima aldaketaren eta gatazken arteko lotura lehentasunezkoak direla eta Kontseiluak erantzun egin behar duela.