NAIZ+

Isolamenduari leihoa zabalduz

Artea eta elkartasuna eskutik hartuta, presoek bizi duten isolamendua zer nolakoa den ezagutzera eman nahi du ikus-entzuneko lan honek.

Presoek bizi duten isolamendua hurbiltzea du helburu ikus-entzuneko lan honek. 31 euskal preso daude egun isolamenduan eta nahiz eta legez 14 eguneko muga izan, preso hauek hilabete eta urte luzeak daramatzate espetxe erregimen honetan.

‘20 + 4’ ekimenaren parte da sei minutuko bideo erreportaje hau eta isolamenduan bost urte daramatzan Juan Ramon Karasatorre Aldaz ‘Popi’ etxarriarraren testigantza du oinarri. 2001ean Estatu frantsesean sartu zuten preso Karasatorre, eta bost urte daramatza Estatu espainolean, bostak isolamenduan.

Etxarriko SAREren ‘Atia miñe, ein ziaun ahalegiñe...’ dinamikaren IV. atala da isolamendua lantzen duen egitasmo hau. Bertan Karasatorreren testigantza entzun daiteke, 23 herritarren ahotsean azaldua.

Xabier Artieda aktore etxarriarraren parte hartzearekin egin dute ikus-entzuneko lana, Lur Larrazaren produkziopean.

Isolatuta dauden presoak eguneko 20 ordu ziegan eta 4 ordu burni-harizko teilatupeko patio txiki batean ematen dute. Patiora gainera, talde txikietan edo bakarrik ateratzen dituzte. Jarduerak egiteko aukerarik ez dute eta miaketak egunero sufritzen dituzte. Sareren arabera, Estatu espainoleko espetxeetan isolamenduari «tortura zuria» deitzen zaio eta preso dauden pertsonengan ondorio fisikoak, fisiologikoak edota psikologikoak uzten dituela eman du aditzera.

Sare herritarrak isolamendu egoera berehala bukatu beharreko neurria dela adierazi du. «Presoen gaia gatazkaren konponbidearen erdigunean jarri behar dugu eta jendartea izan behar da, presoak etxerako bidean jartzeko eginkizun horretan, protagonista», dio.