Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Haurrek Leon erregea eta hiri osoa iratzarri zuten beren egunean

Urtero bezala, osteguna Haurren Eguna zen Baionan, eta hiriko bazter guztietan barreiatuak ziren zuri-gorriz jantzitako festazale txikiak. Zezenen aurrean korrika, danborra jotzen edo zigante eta dultzaineroekin kalejiran, karrikak zeharkatu eta guztiek bat egin zuten herriko etxearen aitzinean, Leon erregea iratzarri eta festari indar emateko.

Goizeko lehen orduetan kale garbitzaileak, taberna hornitzaileak, elkarte desberdinetako boluntarioak eta oraindik etxeratu ez ziren festazale gutxi batzuk baino ez ziren Lapurdiko hiriburuko karriketan. Pixkanaka hauek desagertu eta festarako propio atera zen jendea kaleratzen hasi zen, baina batez besteko adina 60 urte ingurukoa zen, protagonista nagusiak oraindik gosaltzen ari ziren.

Izpi zuri-gorriak

Ikurrinez eta zapi gorriz atonduak ziren leihoak irekitzen hasi zirenean 10.30ak ziren eta jada jende multzoak pilatzen hasiak ziren. Guraso arduratsuak itxuraz etxetik sarri ateratzen ez diren azal zuriko haurrei krema ematen zieten, ageri ez ziren eguzki izpi arriskutsuetatik babesteko. Baina bestelako kezkak zituzten haurrek, “encierro txiki” hastear baitzen.

Artean kaleak zuri-gorriz janzten ari ziren eta goizeko lehen ekimenak abian ziren. Merkatu plazan, qi cong, tai txi ikastaroa eskaintzen ari ziren eta udaletxe aitzinean ehun bat lagun yogazalek atera nahi ez zuen eguzkiari agurra egiten zioten. Gaztetxoenen ezinegona gero eta handiagoa zen ordea, batzuk plastikozko tronpeta zaratatsuak jotzen hasi ziren, besteak konfetiak jaurtitzen eta beste batzuk urduritasunak eraginda-edo negarrez ari ziren. Orduan hasi ziren dultzainero, txaranga, buruhandi eta erraldoiak mugitzen. Horrela, abiapuntu desberdinetatik, baina norabide berean zihoazen multzo guztiak, herriko etxerantz.

Etxafuego indartsu bat zeru grisean lehertu zen eta eztandak hodeiak izutu zituen. Hortaz, lehen eguzki izpiekin hasi ziren zezenak laster batean korrika. Haien aurrean, ikurrinak balira bezala, zuri-gorriz jantzitako haur ausartak peto berdeekin. Aldiz, karrika ertzetan ziren antolatzaileek, zapi gorri eta peto horiekin, zezenketetako kapotak ziruditen.

Leon txokolatezalea

Eguerdian udaletxeko plaza lepo zen. Bozgorailuetatik erregu egin zien haurrei ahots batek, «arren zarata gutxiago egin, Leonek lo egin nahi du». Eskariak ordea, ez zuen arrakasta handirik izan, oihuka erantzun baitzuten festazale txikiek. Beranduago, beste mezu bat irakurri zuen aurkezleak: «Leonek 10 litro txokolate edan ditu eta ezin ditu prakak jantzi eta ez du nahi zuen aurrean pijamarekin agertu». Berriz ere, oihuka erantzun zuen gudaroste zuri-gorriak.

Emaitza onak lortu dituzten kirolariak omendu ostean, ia ezustean hasi ziren kanpai hotsak. Kolpe bakoitzeko zenbaki bat, «diiiing, un, daaang, deux, doooong, trois....» eta horrela, frantsesez, 12 kontatu arte. Erridauak ireki eta Leon azaldu zenean ibaiaren beste aldeko ertzak ere hartuak zituen jende masa abesten hasi zen, «debout le roi...» (jaiki erregea,..). Bi besoak jasota eta zapi gorriak zerura begira bihotzez abestu zuen armada txikiak Leonen abestia. Konfetiek, mila kolore eta formako puxikek eta xaboi burbuilek sabai urdina hartu zuten, eta festak, hizki larriz, bere berezko zentzua hartu zuen Baionako erdialdean.

Egun osoan ez zen moteldu milaka taupadatxok osatzen zuen pilpira erraldoia. Hiriko bazter guztietan, jaun eta jabe izan ziren txikienak. Igandera arte, egunero Leon iratzartzeko ardura haien gain izango da, baina aurten ere ez dute huts egingo, sasoiko baitaude, atzo erakutsi zuten moduan.