Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Entrevista
Marie PERES
ABOKATUA ETA PLANNING FAMILIAL ELKARTEKO KIDEA

«Lan anitz dugu aurrean sexismoa ezabatzeko»

Marie Peres baionarra da, 29 urte ditu eta abokatua da. Bere potreta egiteko ibaiertza hautatu dugu, hiriko portuan lan egiten baitu. Eskarmentu handia du Planning Familialek, are, elkartearen izenak gogora ekartzen du emazteek beren gorputzaren jabe izateko eta sexualitatea askatasunez bizitzeko egindako borroka historikoa –abortu eskubidea, antisorgailuen erabilera...–.

Bortizkeria sexisten aurkako plataformako partaide, besten denboran «Maina» zerbitzuan jardun du, beste hainbat taldetako kideekin elkarlanean. Sexu jazarpenaren aurka sentsibilizatzeaz gain arriskuan egon daitezkeen pertsonei harrera «giro lasai batean» egiteko sortu zen Roland Barthes zabalgunean –sorospen postuaren ondoan– lau egunez, arratsaldetan, zabalik izan den gunea.

Baionako bestak bart bukatu zirenez, «oraindik ere egun batzuk hartuko ditugu gure bilana egiteko», azaldu du Peresek. Datu guztiak eskuetan izan arte nahiago du zuhurtziaz jokatu, nahiz eta hainbat erakundetatik heldu diren «bestak aski lasaiak izan direla» dioten duten mezuak. «Bestetan sentitu dugu jendeak gero eta hobekiago hartzen duela gure ekimena eta naturalki hartzen duela prebentzio lana; halere, ez nintzateke ausartuko esatera besta hauek guztiz garbiak izan direla».

Besta irekieran zuzeneko emanaldia egiten ari zela, France3-ko aurkezleak jazarpena jasan zuen. Ez kazetariak ez telebista kateak ez zuten gertaera salatzeko urratsik egin. Egun berean, bigarren «keinu kezkagarria» heldu zen, kasu horretan, Herriko Etxetik. «Ene ustez, Jean-Marie Bigard, emazteekiko irain eta mespretxu hitzak izan dituen komikoa –«urdangen laxatzea» ikusgarria taularatu zuen–, giltzen jaurtiketara gonbidatzea oso itsusia izan zen», ohartarazi du Peresek.

«Kontraesankorra da pertsona hori ohoratzea eta bortizkeria sexisten aurkako prebentzio kanpaina garatzea; jende askok, emazte askok, ez dugu ulertu zergatik egin duten hautu hori». Besten atarian autodefentsa ikastaro arrakastatsua antolatu zuen elkarteko kideak argi du «lan asko dagoela egiteko peñen aldetik, ostatuetan... sexismoa ezabatzeko». 2018ko bestak joan dira, baina Peresek agurtzeko orduan esan bezala, «emazteok aske bizitzeko borrokan segituko dugu!».