NAIZ
DONOSTIA

San Bartolomeko komentua osorik botatzeko baimena emango du Donostiako udal gobernuak

«Ondarearen Udal Foroari txintik ere esan gabe», San Bartolomeko komentua osorik botatzeko baimena emango du Donostiako udal gobernuak. Hala, bertan hotel bat eraikitzen ari den enpresak bere hasierako nahia konplitua ikusiko du.

San Bartolomeko komentua. (@HiriBizia)
San Bartolomeko komentua. (@HiriBizia)

San Bartolomeko komentua osorik botatzeko baimena emango du datorren asteartean Donostiako udal gobernuak, EH Bilduk salatu duenez.

Aspalditik dator afera. Esaterako, duela urte eta erdi, bertan hotela eraikitzen ari den enpresak komentuaren zati bat bota zuen, «legez kanpo eta inongo baimenik gabe», hau legez babestuta dago eta. Orain, aldiz, zutik geratzen den zatia botatzea baimenduko du Eneko Goia buru duen gobernuak.

Erabaki honekin, EAJ eta PSE Gipuzkoako hiriburuko ondarea «suntsitzen» ari diren bitartean «beste aldera begira» daudela salatu du Donostiako EH Bilduk bere Twitter kontuaren bidez.

Azaldu du komentuan hotela eraikitzen ari den enpresaren hasierako asmoa berau osorik botatzea zela. Zentzu horretan, bi pareta bota zituen lehen fase batean «baimenik gabe». Ondorioz, 5.000 euroko isuna ezarri zion Udalak enpresari. Orain, berriz, Udala bera da zutik geratzen den zatia botatzeko baimena emango duena.

«[Enpresak] helburua lortu du. 5.000 euroko kostua izango du eta beste gela bat gehiago izango du hotelak –122 zituen lehen eta 123 izango ditu orain», azaldu du koalizio independentistak.

«Ondarearen Udal Foroari txintik ere esan gabe emango dute EAJ eta PSEk San Bartolomeko eraikina botatzeko baimena. San Bartolomen egindako txikizioaren inguruko guztia modu ezkutuan eta obskurantismo izugarriz kudeatu du EAJ eta PSEren udal gobernuak», salatu du EH Bilduk.