Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Auziak itxiak izan arren blokeatuak dira Ipar Euskal Herriko militanteen kontuak

«Batasuna auzia» 2016ko urtarrilean amaitu zen. 7/2009 auzia, aldiz, pasa den maiatzaren 25ean itxi zen eta helegitea jartzeko epea uztail amaieran bukatu berri da. Bi auziak itxiak dira, baina auzipetuen kontuek blokeatuta jarraitzen dute.

Batasunaren kontra 2008an egin zuten operazioak bi auzibidetan atxiki zituen Ipar Euskal Herriko sei militante abertzale. Xabi Larralde, Aurore Martin eta Jean-Claude Aguerre «Batasuna auziagatik» atxilotu eta auzipetu zituzten. Zigor Goieaskoetxea, Patricia Martinon eta Giuliano Cavaterra, aldiz, 7/2009 ikerketaren baitan auzipetu zituzten.

«Batasuna auzia» 2016ko urtarrilean amaitu zen. 7/2009 auzia, aldiz, pasa den maiatzaren 25ean itxi zen eta helegitea jartzeko epea uztail amaieran bukatu berri da. Bi auziak itxiak dira, baina auzipetuen kontuek blokeatuta jarraitzen dute.

Auzitegi espainolek irekitako kasuak izan arren, epaile frantsesek agindu zituzten kontuen blokeatzeak, auzipetuak Espainiako auzitegietan ikertuak izan arren, Ipar Euskal Herriko herritarrak izaki beren kontu korronteak frantses Estatuko banketxeetan baitzituzten.

Auzibide desberdinak

«Estatu espainolean diren kontuen kasuan jada konplikatua bada desblokeatzeko prozedura, bi administrazio direnean oraindik eta gehiago», ohartarazi zuen Iker Urbinak, Guliano Cavaterraren abokatuak.

Auzipetu bakoitzaren kasua desberdina da, segun eta blokeatutako kontua zein banketxetakoa den, eta abokatuak kasuz kasu ari dira desblokeatzea lortzeko saiakeretan. Cavaterraren kasuan esaterako, bere kontuak soilik epaile espainiar baten aginduz desblokeatu daitezkeela erantzun zion Parisko fiskaltzak.

Aurore Martinen kasua, berriz, justu kontrakoa da. Urtarrilean Madrilgo epaile batek Estatu frantsesean kokatua den bere bankuari jakinarazi zion auzia itxia zela eta Martinen kontua desblokeatu zitekeela. Finantza erakundeak zera erantzun zuen, ordea, agindu hori soilik epaile frantses batek eman dezakeela.

Amaia Izko Martinen abokatuaren esanetan, «epailearekin hitz egin ostean, ahoz ziurtatu zigun Estatu frantseseko lotura magistratuarekin harremanetan jartzen saiatu dela, baina ez dugu ondoriorik ikusten».

Afera nahaspilatsua da, zeren auzipetuetako batzuk auzibide desberdinetan zeuden. Cavaterrak adibidez, email bidez jakin zuen bere kontuen blokeatzearen iturburua zein zen. Parisko fiskaltzako magistratu batek jakinarazi zion Garzon epaileak Euskal Herriko 41 kontu blokeatzeko agindua eman zuela, haien artean berea.

Kasu batzuk Laurence Le Vert epaile frantsesak 2008ko uztailean ireki zuen ikerketan kokatzen dira, Ipar Euskal Herriko 33 kontu blokeatzeko agindua eman baitzuen.