Amalur ARTOLA

Parekidetasunaren eta parte-hartzearen getarian lehorreratu da Elkano

Genero berdintasuna eta herritarren inplikazioa. Bi elementu horiek batzen dituen formula erabilita antzeztu zuten atzo Getarian Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea. Getariako semeak lehen aldiz munduari itzulia eman zioneko urteurrena ospatu zuten, ohi bezala, jendetza artean.

Ia 500 urte atzera egin eta Juan Sebastian Elkanok gidatutako «Victoria» ontzia lehorreratu zeneko unea oroitu zuten atzo Getarian. Bada ia mende bat herri gipuzkoarrak seme kuttuntzat duena ohoratzeko ekitaldia egiten duela baina, aurten, izan da berrikuntzarik antzezpenean: genero berdintasunak eta herritarren parte-hartzeak inoizko presentzia nabarmenena izan dute.

Ibon Gereka Getariako Udaleko Parte-Hartze zinegotziak aurreratua zuen lehorreratzean bi erronka nagusi horiei helduko zietela, eta parekidetasunaren bidea urratzen 2014ko azken lehorreratzean (lau urtetik lau urtera egin ohi da antzezpena) hasi zirela ekarri zuen gogora, orduko hartan kontinenteak ordezkatu ohi zituzten emakumeak zozketa bidez hautatu baitziren. Aurtengoan, baina, urrats bat gehiago ematea erabaki dute eta kontinenteen ordezkarietatik hiru emakumezkoak eta bi gizonezkoak izatea erabaki zuten, eta formula bera (genero berdintasuna ziurtatzen duen zozketa) erabili da historikoak ez diren pertsonaiak hautatzeko ere: hala, pertsonaia historikoak (Elkano eta tripulatzaileak) jatorrizko generoari lotu zaizkio baina lantzari eta karroza laguntzaileen artean ez da genero bereizketarik egin: 12 emakume eta 11 gizonezko izan ziren zeregin horietan. «Herrian denetako iritziak daude, batzuk zozketaren alde besteak kontra… baina emakumeak bide berriak irekitzen joatea inportantea dela ez du inork zalantzan jartzen», azaldu zigun eguerdian emakume getariar batek. «Berdintasuna nahi badugu jaietan ere egon behar dugu» edota «emakumeok bisibilitatean irabazi behar dugu», gisako esaldiak izan ziren galdetutako emakumeek ahoan izan zituztenak.

Erabaki honekin, emakumeen presentzia karroza batean joatera mugatzetik antzezlan ia osora zabaltzea bideratu du Udalak, herrian aparteko zalapartarik sortu gabe.

Polemika piztu duena beste kontu bat izan da, kasu honetan historikoa, zenbaitek Elkanoren balizko «mentalitate konkistatzailea» kritikatu baitu. Harralde tabernaren atarian galdera botata, gehienek Ameriketako indigenekin egin zen sarraskia hartu zuten ahoan, Elkanori ere ez zitzaiola hori arrotz izango azpimarratuz, eta historian argitzeko pasarte asko dagoela ekarri zuen gogora. «Baina hemen munduari bira eman zitzaiola ospatzen dugu, ez han burutu zen sarraskia, noski», argitu du batek, egunen batean gaiari heldu beharko zaiola ukatu gabe. «Espainolekin ibiltzeagatik gertatzen da hori», ihardetsi dio lagunak, Elkanok espedizio espainiar batean parte hartu zuela nabarmenduz. «Pelikula bat ere egiten ari omen dira, ea han ze ikuspegi hobesten duten», gehitu du hirugarren batek. Aurreikuspenen arabera, martxoan du estreinatzekoa Simon West-ek “Sin límites” izena eramango duen filma.

Lagun taldea Amerikako “konkistak” eragindako sarraskiez eta euskaldunok hor dugun parteaz eztabaidatzen utzita bazkaltzera joan gara, ekitaldi potolorako indarrak hartzera.

Lehorreratzea

Polemika artean baino, jai giro betean hasi zen lehorreratzea, Getariako portuan. Ia bost mende atzera eginda, Elkanok munduari bira emanda berriro ere Iberiar Penintsula zapaldu zuenekoa ekarri zuten gogora. Historia liburuek bildu dutenez, 1519an Sevillan zebilela batu zen Fernando Magallaesen espediziora: Ekialdeko Indietara iristeko ahal zen bide motzena aurkitzea zuen xede espedizioak eta itsasgizon portugaldarrak Filipinetan bizia galdu ostean Elkanok hartu zuen gidaritza. Tartean gosete, matxinada eta enbatei gaina hartuta, Estatu espainolera itzultzeko ahaleginetan munduari itzulia eman zion. Hasierako bost ontzietatik Elkanok gidatutako «Victoria» izan zen, 1522ko abuztuaren 6an, San Lucar de Barramedan (Cadiz) lehorreratu zen bakarra. Hasierako tripulazioko 234 lagunetatik 17 soilik itzuli ziren, tartean beste hiru euskaldun: Juan Akurio bermeotarra, Juan Arratiakoa bilbotarra eta Juan Zubileta barakaldarra.

Getariako antzezlanean, Iñigo Isasti izan zen, lehen aldiz, Juan Sebastian Elkanoren papera hartu zuena, Manuel Gorostizari lekukoa hartuz. Hain justu, azken hau, izan zen antzezlanean lehorreratu orduko lurrari musu ematearen usadioa sortu zuena. Ohi bezala sirena eta kanpai hotsen artean sartu zen «Victoria» ontziaren erreplika Getariako portura. Honen atzetik, Getariako itsasontzi eta baporeak banan-banan sartu ohi dira portura baina, eguraldiak behartuta eta segurtasuna bermatze aldera, Kofradiak ontziak ez zirela itsaso zabalera aterako erabaki zuen goizetik.

Getariako kaian, Elkano zurbil eta nekatuak lurrari musu ematean entzun ziren lehen txaloak, eta tripulazioari ongietorri instituzionala eginda, moila atzean utzi eta herrirako bidea hartu zuten, Salbatore Deunaren elizan eskertza antzezteko. Sevillako katedralean egin bezala, jantzi zarpailak eta odol arrastoak ezabatuta egin zioten bisita Karlos I.ari, eta munduari itzulia ematean zeharkatutako bost kontinenteak irudikatzen zituzten beste horrenbeste pertsona ere eraman zuten berekin. Kale Nagusia atzean utzita, “Primus circundedisti me” (lehenengoa izan zinen niri bira ematen) lema daraman Elkanoren irudiaren aurrean, «Egin dugun bidea mundu honetan egin daitekeen luzeena da. Guk egindako bidaiak mundua biribila dela frogatzen du», esan zuen protagonistak, eta “Gora Elkano” ereserkiak eman zion amaiera ekitaldiari.

Zuzenean

Beste nobedade bat ere izan du aurtengoak. Atzetik segizioa egiten ibili beharrik gabe, aurten lehen aldiz, antzezpena frontoian ezarritako 7 x 3 metroko pantailaren bidez ikusteko aukera ere izan zen, zuzenean. Udalak azaldu zuenez, adineko jendeari eta mugikortasun mugatua dutenei begirako gunea da eta bertan lekua izateko aldez aurretik izena eman beharra zegoen. Frontoia ikusita, ekimenak arrakasta izan zuela baiezta daiteke.

Lehorreratzearen 500. urteurrena datorren urtean beteko da. Orotara 1.124 egun, ia hiru urte, iraun zuen Elkanoren espedizioak eta Mundu Bira 500 - Elkano Fundazioaren asmoa da datozen hiru urteetan espedizio horrekin zerikusia duten hainbat ekimen burutzea, tartean erakusketa, joko interaktiboak eta bestelako ekitaldiak. Horren berri, programa finkatzean emango dute.