NAIZ
GASTEIZ

Zigoitian gertatutako eraso homofoboa gaitzetsi du Udalak

Iragan asteburuan Zigoitian gertatu zen eraso homofoboaren aurrean «gaitzespen irmoena» adierazi du. Era berean, pertsona orok bere orientazio afektibo-sexuala eta bere genero orientazioa askatasunean bizitzeko duen eskubidea aldarrikatu du erakundeak.  

Lumagorri elkarteak berri eman zuenez, abuztuaren 4tik 5erako goizaldean gertatu zen eraso homofoboa, Zigoitian, ezezagun batzuek ‘cruising’ eremu batean zeuden lagunen aurka oldartu eta hainbat ibilgailuri eraso egin zietenean.

Zigoitiko Udalak, adierazpen baten bitartez, «gaitzespen irmoena» agertu dio «orientazio afektibo-sexuala edota genero identitatean oinarritutako edozein erasoren aurrean» eta, era berean, horiek askatasunean bizitzeko eskubidea aldarrikatu du. 

Era berean, udalerrian eraso edo jazarpenen baten biktima izan daitekeen edozein pertsonaren esku jarri ditu Zigoitiak bere udal zerbitzuak.

Gertatutakoa salatzeko deitzen diren mobilizazioetan parte hartzeko dei berezia egin die Udalak herritarrei. 

Lumagorri elkarteak deituta, elkarretaratze bat egingo da ostiralean, abuztuaren 10ean, iluntzeko 20.00etan Ondategin. 

Era berean, sare sozialetan zein beste euskarri batzuetan zabaldutako kartel batzuen bitartez, eraso homofobo, lesbofobo edo transfoborik jaso duen edonori zuzendutako telefono baten berri eman du Lumagorrik: 633309653.