Bilboko Aste Nagusiari hasiera emango dion txupinazoa hasteko atzerako kontua abian dela, jai-eremua eraikitzeko lanei ekin diete konpartsek eta aitzakia hori baliatuta agerraldia egin dute Areatzan.
2018ko hauek jai bereziak izango direla azpimarratu dute Bilboko Konpartsek, 40 urte betetzen baititu Marijaiak. Azaldu dute 1978. urtean festen ikur den pertsonaia kapotarik gabeko Dyane 6 batean Begoñara eraman zutenetik hona eginiko bidea ez dela beti samurra izan.
«Igaro ditugu zailtasun eta jai-ereduaren aurkako erasoak, debeku eta pribatizazio-saiakerak eta urtero-urtero aitzakia burokratiko zein politikoak, gure lana zailtzeko helburua besterik ez dutenak», esan dute.
Oztopo horien guztien gainetik, festa egiteko gogoa gailendu dela goraipatu dute Bilboko Konpartsek, konpartsakide guztien borondatezko lana eta milaka pertsonen ezinbesteko parte-hartzea eskertuz.
«Hori baita gure helburua», zehaztu dute Konpartsek: «Asmo ilunen gainetik Bilbo kolorez janzten jarraituko baitugu urte askoan, munduko onenak diren festak egiten».
Urte honetan ere, 28 konpartsetako 400 pertsonatik gora ibiliko dira lanean Aste Nagusia hasi arteko lanak egiten, urte osoan egindako lanaren jarraipen bezala.
Aurkezpena keinu-hizkuntzan ere egin dute. Aurtengoan ahalegin berezia egin dute Konpartsek eta ikastaroak egin dituzte jai-eremura hurbiltzen direnei gutxieneko informazioa keinu-hizkuntzan ere eman ahal izateko.
Aste Nagusi guztietako kartelak ere erakutsi dituzte (39 guztira, 1980an ez baitzen ospatu) belaunaldi desberdinetako konpartsakideek, «jai-eredu paregabea» aldarrikatuz.