NAIZ
IRUN

25 migratzailek gaua Irungo kaleetan igaro dutela salatu dute

Erletxea kolektiboak salatu du Europa iparraldera bidean diren 25 migratzailek kalean igaro dutela gaua Irunen. Gainera, eta aipatu kolektiboak adierazi duenaren arabera betiere, Martindozenea aterpetxean bazen lekurik gaua kalean pasa duten horientzat.

Migratzaile talde bat Irunen, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Migratzaile talde bat Irunen, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/FOKU)

25 migratzailek Irungo kaleetan igaro dute gaua, eta bertako Martindozenea aterpetxean bazen eurentzat lekurik –35 ohe, hain zuzen–. Salaketa hori egin du Erletxea kolektiboak, eta elkarretaratzea egin dute igande eguerdi honetan gertatutakoaren aurka protesta egiteko.

Europa iparralderako bidean diren migratzaileak dira gaua kalean igaro behar izan dutenak. Martindozenea aterpetxeak, berriz, 60 pertsona sartzeko adina plaza eskaintzen ditu; uste da azken egunetan orotara 52 migratzaile inguru iritsi direla Irunera.

Kontua da, baina, hauek hiru egun egin ditzaketela aterpetxean, eta denbora horren ostean berau uztera behartuak direla. Aterpetxean jana, osasun arreta eta gaua igarotzeko espazio bat ematen zaie.

Protesta ekimen gisa, elkarretaratzea egin dute eta ondoren udaletxe azpiko arkupetan egin dute otordua.

Europa iparraldera bidean diren etorkinentzat puntu estrategikoa da Irun, ondorioz, gero eta gehiago dira bertara iristen diren migratzaileak. Hauetariko batzuk ez dira ezta geratu ere egiten Irunen, baina beste hainbatek atseden beharra daukate. Bada Estatu frantsesean sartzea lortu eta bueltan Irunera bidalia izan denik ere.

Zentzu horretan, Migranteen Sostengu Taldetik salatu dutenez egoera «ankerra» ari da sortzen Estatu frantsesera sartzeko mugan: «Frantziako poliziak buru-belarri dabiltza muga zeharkatu eta bidea jarraitzen saiatzen diren migranteak kanporatzen».

Uste da ekaina hasieran 1.200 migratzaile inguru direla EAEra iritsi direnak, Gurutze Gorriaren arabera. Esaterako, 200 iritsi ziren iragan ostegunean; horietatik 52 eraman zituzten Irunera, 55 Gasteizera eta gainerakoak Bizkaira.

Erakundeetatik bultzatzen diren ekimenak aintzat hartzen badituzte ere, Migranteen Sostengu Taldetik adierazi dute horiek ez direla nahikoak: «Horregatik, elkarteek eta norbanakoek osaturiko Sostengu Sareak harrera duina eta integrala eskatzen jarraituko dugu».