naiz
Bilbo

Aste Nagusiko hainbat ekimenen aurrean Bilboko Udalaren «trabak» salatu dituzte konpartsek

Bilboko Udalaren «lankidetzarako borondate eskasa, jarrera bertikala, eta trabak» salatu dituzte bizkaitar hiriburuko konpartsek Aste Nagusiaren atarian. Traba hauen ostetik, Gasplazan iragarrita zegoen zinemaldia bertan behera geratuko da eta Aste Nagusiaren 40 urteak bildu behar zituen erakusketa «deskafeinatuta» geratu dela kritika eta ez dutela «bere sentitzen» adierazi.

Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko egitaraua iragarri zutenekoa. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko egitaraua iragarri zutenekoa. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Bilboko Konpartsek Udalaren «trabak» salatu dituzte eta, honen ondorioz, egitarauaren ekimen nagusietako bat bertan behera geratuko dela iragarri. Gas plazan «azken urteotan azpierabilitako gunean» iragarrita zegoen Aste Nagusiko zinemaldia besteak beste, ‘Amets Nagusia’ dokumentala proiektatzekoa zeb, «orain dela 40 urteko Aste Nagusiaren sorrera ezagutarazi eta jai herrikoien aldeko haria belaunaldiz belaunaldi luzatzeko».

Konpartsek adierazi dutenez, Babes Zibilak ere aitortu zuen ekintzaren bideragarritasuna. «Zinema, neska-mutil, gazte, heldu eta nagusientzako jarduera kultural zabala da, alkoholaren kontsumoaren alternatiba, festa beste modu batez egiteko aukera», defendatu dute. «Halere, erabaki politiko baten bidez, ukatu digute baimena ekimena Gasen egiteko, Aste Nagusia hasi baino 11 egun lehenago, beste alternatiba egoki batzuk aztertzea erabat zaildu duena».

Bestetik, Euskal Museoan erakusketa egin nahi zuten Aste Nagusiaren 40. urteurrenaren inguruan. «Hilabeteak eta hilabeteak daramatzagu beharrean 40. Aste Nagusiak, bilbotarrok eta data hauetan bisitatzen gaituztenek merezi dugun erakusketa sortzeko. Lehenengo momentutik, Bilboko Jai Arloari eskatu genion elkarlanez jardutea, harro egoteko moduko emaitza izan zedin, baina atzerapenek, ekimenaren esternalizazioak eta lankidetzarako udalaren borondate faltak lortu dute estreinatuko den erakusketa ez izatea 40 urte horien isla, eta panel soiletara mugatzea». Azkenean egingo den erakusketa ez dutela «bere sentitzen» gaineratu dute.

2018koa 40. Aste Nagusia da, eta ez da 41.a, «1980an orduko Castañares alkateak marra gorri denak gainditu eta herritarren parte hartzerik gabeko Semana Grande bat antolatu» nahi izan zuelako. «Aldiro-aldiro, horrelako ahaleginak egin dituzte Bilboko alkateek eta Jai zinegotziek. Aurtengo kontua ez da berria, baina horrek ez dio garrantzirik kentzen».

Bi ekimenak «urtemuga ospatzeko aukera paregabea» direla iritzi dute konpartsek, «40 urte hauetan memoria egiteko ekimenak».

«Lankidetza ez da erraza», onartu dute. «Egitura desberdineko eragileen arteko lankidetza, are gutxiago da erraza. Baina, 40 urteko ibilbidean, lankidetzaz ikasi dugu gehien konpartsetan. Kolore askoko lantaldea, elkar ulertzeko borondatea, eta ekintzak aurrera egiteko asmo irmoa. Irabazi asmorik gabeko lan infinitua. Festan, giroan eta gizarte-eraikuntzan irabazteko asmoa da konpartsetako kideen motibazioa, eta milaka ordu musu-truk eskaintzeko arrazoia. Bilborentzat eskuzabaltasun osoz egiten den lana da», aldarrikatu dute.

Horregatik, Bilboko Udalaren «lankidetzarako borondate eskasa, jarrera bertikala, eta trabak» salatu dituzte.